Astelehenean zabalduko dute eguneko zentroa

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 31a, 12:40

Aldundiak atzo jakinarazi zuen eguneko zentroak zabalduko dituztela; herri batzuetan itxita jarraituko dute, "COVID-19a herri horietan izaten ari den eraginagatik". Astelehenetik aurrera, adinekoen egoitzetan bisitak egiteko aukerak ere zabalduko dira.

Bi astez itxita egon ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen astelehenetik aurrera berriz ere zabalduko dituztela eguneko zentroak. Salbuespen batzuk egongo dira, ordea: Gipuzkoan, itxita jarraituko dute Orioko, Zarauzko, Eibarreko eta Elgoibarreko zentroek, “COVID-19a herri horietan izaten ari den eragingatik”. 

Astelehenetik aurrera, gainera, adinekoen egoitzetako egoiliarrei bisitak egiteko aukerak zabalduko dira. Hala eta guztiz, egoiliarrek gehiago itxaron beharko dute egoitzetatik irteteko: Gipuzkoan, abuztuaren 11n hasiko dira. 

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi du “zaurgarrienen osasuna eta ongizatea bermatzea” dela hartu izan diren neurrien asmoa, eta nabarmendu du eguneko zentroak itxita egon diren bitartean eta “behar gehien dutenen kasuan” arreta indartu dutela erabiltzaileen etxeetan.