Erakusketa zabaltzearekin batera banatu dituzte Zumaiako 32. Argazki Lehiaketako sariak

Atzo zabaldu zen Udalak eta Distira elkarteak antolatutako Zumaiako 32. Argazki Lehiaketako lan onenak biltzen dituen erakusketa. Horrekin batera, aurtengo lehiaketako sariak ere banatu zituzten Alondegiko Oxford aretoan. 

Pandemiak baldintzatutako edizioa izan bada ere, Distirakoek ez dute parte-hartzeaz kexurik: 58 argazkilariren 226 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Gaia librea izan da aurtengo edizioan, eta, horregatik, lehiaketara aurkeztutako lanekin osatutako erakusketan askotariko estiloak ikus daitezke, Distira elkarteko kide Soraya Lopezek azaldu zuenez: erretratuak, salaketak, makroak, paisaiak, etab.

Jose Agustin Gurrutxagaren Umea eta txoria izan da, epaimahaiaren iritziz, lehiaketara aurkeztutako lanik onena. Bigarren saria, berriz, Manuel Barreirori eman diote, Historias de un tren 29 argazkiagatik. Aitor Arana sailkatu da hirugarren, Jugando a ser Degas 02 argazkiagatik. Hiru horiek, beraz, Argizaiola argazki lehiaketarako sailkapena lortu dute. Zumaiar onena Mitxel Aizpurua izan da, Mont St. Michel: Prozesio informalak lokatz gainean argazkiarekin

Lopezek azpimarratu zuen, baita ere, lau saridunetatik hiru euskaldunak zirela, eta horrek Argizaiola lehiaketara aurkezteko aukera ematen ziela. Zumaiar onenaren lana ere nabarmendu zuen. Izan ere, Aizpuruaren argazkiak laugarren puntuazio altuena lortu zuen. 

Erakusketan puntu gehien jaso dituzten 36 argazki bildu dituzte. Erakusketa hau abuztuaren 12ra arte egongo da zabalik, egunero 18:30etatik 20:30era bitartean.