Agortu dira dagoeneko Jaialdiko kontzertu batzuetarako gonbidapenak

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 29a, 17:28

Bihar hasiko da Zumaiako 36. Musika Jaialdia, eta koronabirusaren ondorioz sortutako egoera dela medio, ekitaldietarako beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena eskuratzea. Herritarrek interes handia erakutsi dute, eta doako txartel hauetako batzuk agortu dira dagoeneko. 

Goizean jarri dira eskuragai Jaialdirako gonbidapenak, turismo bulegoan, eta ilara sortu da bertaratu den herritar kopuru handiarekin. Kontzertu batzuetarako gonbidapenak ordu gutxitan agortu dira. Hala gertatzen da Zumaiako Udal Musika Bandak bihar Santiago Etxean emango duen kontzertuarekin, San Pedro Abesbatzak uztailaren 31n parrokian eskainiko duen emanaldiarekin, eta Mari Karmen Azpeitiak eta Garikoitz Mendizabalek abuztuaren 3an parrokian emango duen organo eta txistu kontzertuarekin.

Beste bi emanalditarako gonbidapenak agortzear daude: Conductus Ensemblek abuztuaren 6an parrokian emango duen kontzerturakoak, eta Jaialdiaren azken egunean Oreka TX-ek Herri Eskolako frontoian emango duenerakoa.

Beste emanaldietarako oraindik gonbidapenak geratzen dira. A Santo de Qué taldeak larunbatean Beheko plazan emango duen kontzerturako gonbidapenak ere turismo bulegoan eskuratu daitezke. 

Udal Kultura Sailak eskaera bat egin die gonbidapena eskuratu bai, baina gero edozein arrazoi dela medio erabiliko ez dituztenei: ikusita jende asko geratu dela sarrerarik gabe, erabiliko ez dituzten gonbidapen horiek joateko asmoa dutenei ematea, edo, bestela, Kultura Sailarekin harremanetan jartzea.

Sapere Aude Sinfoniettak igande arratsaldean Zumaienako aretoan emango duen kontzerturako sarrerak ere salgai daude turismo bulegoan, 10 euroan.