Santiagoko landare inbaditzaileak kentzeko auzolan saioa izango da larunbatean

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 29a, 16:30

Landare inbaditzaileek biodibertsitatean sor dezaketen kalteaz jakitun, horiek kentzeko saioa antolatu dute larunbaterako. Santiagoko aparkalekuan elkartuko dira, eta bertan emango dituzte landareak identifikatu eta era egokian kentzeko azalpenak.

Balio ekologiko handiko eremua da Santiago hondartza, baina espezie exotiko inbaditzaile ugari dago. Oenotera glazioviana, Onagra, Connyza sp edo Carpobrotus modu artifizialean sartutakoak dira, eta espezie autoktonoek bete beharreko lekua hartzen dute. Mundu osoko biodibertsitatean arazo larriak eragiten dituzte espezie inbaditzaileek, eta dunak bereziki sentikorrak dira espezie horiekiko.

Horreataz jakitun, Santiago hondartzan espezie inbaditzaileak kentzeko saioa egingo dute larunbat honetan, abuztuak 1, 9:00etan hasita. Santiagoko aparkalekuan elkartuko dira, eta saioa hasi aurretik, gaiaren inguruko azalpenak emango dituzte, landare horiek identifikatu eta modu seguruan ateratzeko. 

Udalak jakinarazi du saioan parte hartzeko osasun neurriak errespetatzea beharrezkoa izango dela. Maskara eramatea beharrezkoa izango da, parte hartzaileen arteko distantzia nahikoa dagoenean izan ezik. Ura edo jatekoa behar izatekotan, norberak bere etxetik eramateko ere eskatu dute. Bestetik, arropa eta oinetako erosoak eramateko gomendatu dute.