Kauldi Odriozola zumaiarra jokalari duen Irungo Bidasoak EHF Europako Ligan parte hartzeko txartela eskuratu zuen 2019-2020 liga amaieran. Beste kirol jarduera asko bezala, koronabirusak baldintzatu zuen Asobal liga: bukatutzat eman zuten bigarren itzulia hasi besterik ez zenean, eta lehen itzuliaren amaieran izandako sailkapena hartu zuten aintzat. Hala, Bidasoa hirugarren izan zen, eta Europako txapelketetara itzultzeko txartela eskuratu zuen.
Europako Ligako kanporaketak jokatu beharko dituzte irundarrek liga honetan aurrera egiteko. Atzo egin zen kanporaketetako zozketa, eta PAUC Handball talde frantziarraren aurka jokatzea egokitu zaio Irungo taldeari. Multzoko talde gogorrena dela diote adituek.
Bi partidarako kanporaketa izango da hau. Joaneko partida Frantzian jokatuko dute, abuztuaren 29an edo 30ean, eta itzulerakoa Artalekun astebete geroago, irailaren 5ean edo 6an.