Musika Jaialdiko gonbidapenak bihartik aurrera eskuratu ahal lizango dira Turismo Bulegoan

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 28a, 14:21
'Sapere Aude Sinfonietta'-ren iazko kontzertuko irudia.

Bihartik aurrera, asteazkena, eskuratu ahal izango dira hastear den Zumaiako 36. Musika Jaialdiko sarrerak. Jaialditik kanpo antolatu duten 'A Santo de Qué' taldearen kontzertuko sarrerak ere Turismo Bulegoan bertan izango dira, Kultura Sailak jakinarazi duenez. 'Sapere Aude Sinfonietta'-ren emanaldiko sarrerak, berriz, 10 euroren prezioan eskura daitezke.

Uztailaren 30ean, osteguna, abiatuko da Zumaiako 36. Musika Jaialdia. Beste urte batez, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera paregabea izango da herrian hamar egunez. Aurtengoan, ezinbestean, segurtasuna gorde eta osasuna zaintzeko neurriak hartu behar izan ditu Kultura Sailak. 

Doan izango dira ekitaldi guztiak, Sapere Aude Sinfonietta-ren kontzertua izan ezik. Hala eta guztiz, gonbidapenak hartu beharko dira aurrez. Gonbidapen guztiak bihar, asteazkena, jarriko dituzte eskuragai Turismo Bulegoan. Jakinarazi dute pertsona bakoitzak ekitaldi bakoitzerako bi gonbidapen hartu ahal izango dituela gehienez ere. Era berean, Musika Jaialditik kanpo larunbatean A Santo de Qué taldeak Odietan emango duen kontzerturako sarrerak ere bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira. 

'Sapere Aude Sinfonietta'-ren emanaldiko sarrerak, salgai

Abuztuaren 2an, igandea, Sapere Aude Sinfonietta-ren kontzertua izango da Zumaiena ikastetxeko antzokian, 19:30ean hasita. Elgarren Enigma Variations eta Rachmaninoffen Symphonic Dances izango dira entzungai, George Morton eta Ian Farringtonek eginiko ganbara bertsioetan, Alain Ayerdiren zuzendaritzapean.

Kontzerturako sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira salgai 10 euroren truke helduentzat, eta 3 euroren prezioan haurrentzat. Sapere Aude Sinfonieta Musika Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunezko mezenasgoa jardueretan onartua dago. Horregatik, elkartetik jakinarazi dute elkarteari ekarpenak egiteagatik abantaila fiskalak daudela egiten duenarentzat. Bakoitzak nahi adina eta nahi duen eran egin ditzake ekarpenak, eta ekarpenaren arabera, Sapere Aude Sinfonietta-ren web orrialdean laguntzaile bezela azaldu daiteke, hala nahi izanez gero. Hemen egin daiteke dohaintza.