Oikiako eskolaren atzealdeko lanak amaitu ditu Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 27a, 11:52

Oikiako eskola berriko atzealdean egindako lanak amaitutzat eman ditu Zumaiako Udalak. Herritarrek egindako eskaerei so eginez gauzatu ditu udalak lan hauek.

Eskolaren atzealdean futbitoan eta saskibaloian aritzeko kantxa bat egokitu dute. Horrez gain, oinezko bide irisgarria atontzeaz gain, errepidea egokitu eta zabaldu dute, eta baita eskola irteeran harmaila bat eraiki ere. 

Udalak adierazi duenez, lan hauek bukatzeke zeuden proiektuak ez zuelako oikiarren adostasuna, "beraien beharak ez zituela asetzen irizten ziotelako". 

Obrek hiru hilabete iraun dute eta aurrekontua 439.371,74 eurokoa izan da. Lanak Urbycolan, S.L enpresak egin ditu. 

Artadiko saneamendua

Artadiko sanamendu obrak ere amaitu dituela iragarri du udalak. Bertan Artadi auzoko ur zikinen sare orokorra egin da, eta gas naturala eraman da. Era berean, udalak gaineratu du Joxe Mari Korta poligonoari ur hornidura bigarren ur biltegitik ziurtatu zaiola, "bi linea orokor edukiz urez hornitzeko industrialdea". Obraren aurrekontua 482.735,72 eurokoa izan da, eta Construcciones Mariezcurrena, S.A enpresak exekutatu du.