Erretratua

Arantxa Larrañaga, bizitza bat albistearen atzetik

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 25a, 10:00

80ko hamarkadan Bilbon Informazio Zientziak ikasi zituen Arantxa Larrañagak. Azken urteotan gertaera ugariren lekuko izan da, eta telebistako pantailaz bestalde, berriemaile lanak egin ditu ETBn. Ekonomiarekin lotutako berriak eman ditu, batez ere, Larrañagak.

Gogoratzen du haren amak “ahalegin ugari” egin zituela alabak mediku ikasketak egin zitzan. Larrañagak, ordea, “buruan sartuta” zuen lehendik kazetaritza ikastearen ideia: “Idaztea asko gustatu izan zait, eta gutxi idazten dut gaur egun lanean, baina historiak kontatzen ditugu”.

Ikasketak ekainean amaitu zituen, eta lanean zen uztailerako. “Radio Euskadin ordezkaritza bat egin nuen udan, eta ETBn ere egin nuen proba bat. Bietan hartu ninduten, eta gaur arte”, azaldu du. ETB sortu eta bi urtera hasi zen bertan lanean. “Eskari handia zegoen kazetariena, eta hortxe sartu nintzen”. Kirol kazetaritzan egin zituen hiru hilabete, eta gero hasi zen albistegietarako lanean: “Urte asko daramatzat hor, eta gustura nago. Gainerako programak ez zaizkit asko gustatzen”.

Lana, erlojuaren aurka

“Funtzionario batzuk zarete, minutu bateko bideoa egitea da zuen lana”. Larrañagak sarri entzun izan ditu halakoak. “Igual goizean lasai egon zaitezke, deiak eta egiten... baina 12:30etik 15:00ak aldera arte zoramen bat izaten da”, dio. Laneko azken ordu horiek “oso txarrak” direla azaldu du, eta estutasunez bizi ditu. “Komunera joateko gogoa baduzu ere, ezin izaten duzu askotan horretarako tartea hartu. Fruta eramaten dut lanera, eta askotan etxera bueltan ekartzen dut”.

Batzuetan, egunean bertan jakiten du landu beharreko gaiaren berri: “Autonomoak gaizki pasatzen ari direla eta, haiei ahotsa eman behar geniela esan ziguten, esaterako, lehengo batean. Produkzio lana egin behar izaten dugu: lagunei eta ezagunei deitu, sindikatuen bidez jendearekin kontaktatu, eta euskaraz hitz egiteko eta telebistan agertzeko arazorik ez duen jendea lotu”. Grabazioa egin ondoren, Euskal Telebistak Donostian, Miramonen duen zentrora igotzen dira, bideoa osatu eta Bilbora bidaltzen dute.

Egunero ezagutzen du jendea Larrañagak lanean: “Egun batean Azpeitira joaten gara, hurrengoan Beasainera edo Hondarribira... horixe da gure ofizioaren ezaugarri bat; ostiralean ezin gogoratu astelehenean non egon zinen”. Eskertuta dago kazetaria ofizioak jendea ezagutzeko aukera eman diolako, eta baita punta-puntako enpresak barrutik ikusteko aukera izan duelako ere: “Hegazkinen osagaiak egiten dituzten lantegiak, gasa garraiatzeko ontzi erraldoiak Sestaon, Irizarreko autobusak...”.

Kale inkestak egiten ere aritzen da Larrañaga. Haren hitzetan, “modan” dago kaleko jendeari galdetzearena: “Argindarra asko igo bada, horren inguruan galdetzera bidaltzen gaituzte kalera. Batzuetan zortea daukazu, baina besteetan jendeak ez du atera nahi. Ez zait kale inkestak egitea gustatzen”, dio. Hala eta guztiz, Larrañagak dio gero eta gehiago atera behar izaten direla.

“Askoz errazagoa da prentsaurreko batera joatea: politikari guztiak gogoz daude ateratzeko, mikrofonoa jarri, eta hitz egiten dute”. Uste du, gainera, erakundeekiko “menpekotasun handia” dutela: “Jaurlaritza hor dago, hiru diputazioak... Bilboko alkatea ateratzen bada aurkezten ekonomia suspertzeko plan bat, hurrengo egunean deika dugu Donostiakoa. Nik uste hori orekatzeko egiten dugula kale inkestena”.

Askotariko albisteak eman ditu Larrañagak urteotan, baina ekonomia lantzen du batik bat. COVID-19ak sortutako krisialdiak ekonomiaren arloa gogor kolpatu du, eta zeharka bada ere, koronabirusarekin lotutako berriak eman ditu. Azken asteotan autonomoei, dendariei eta ostalariei ahotsa eman die, eta gertutik ezagutu du haien egoera. Horrez gain, datu ugari jakinarazi ditu Larrañagak pantailaz bestalde: langabezia tasak, Barne Produktu Gordina, diru bilketak... “Dena jaitsi da, noski”, azaldu du.

Lanean hasi zenetik hainbat gertaeraren lekuko izan da, eta gogoan ditu horietako asko. 90eko hamarkadan, esaterako, Larrañagak gogora ekarri du industria krisi betean, Aceros Olarrako langileek egunero hartzen zutela Bilboko Gran Vía beren aldarrikapenak plazaratzeko. “Milaka langile geratu ziren langabezian”, dio. Bizkaiko Labe Garaien itxiera ere aipatu du: “Bideo pila bat egin genituen azken labea, Maria Angeles, itxi zuten arte. Alboan zegoen Ansioko laminazio trena, gaur egun BEC dagoen lekuan”.

Albistegietakoa talde txikia izanik, bestelako gaiak ere landu behar izan ditu, tartean, politika. “ETArekin ere gaizki pasa genuen. Atentatu asko landu genituen”. Gogoan du Larrañagak Joxe Mari Korta hil zuten eguna. Lanean zegoen berria jakin zuenean, eta “sinetsi ezinik” geratu zen. Kazetariak kontatu du Roman Sudupe orduko Gipuzkoako diputatu nagusiak esan zuela “Han matado a uno de los nuestros”, eta adierazpen horrekin osatu zuela albistea. “Askotan tokatu zitzaidan Joxe Mari Korta elkarrizketatzea, eta nire lan bizitzako egunik tristeena bonba batekin txikitu zuten egun hura izan zen”.

Ogibidea eraldatzen

Larrañagak dio lanean hasi zenetik zeharo aldatu dela ogibidea, teknologia berrien eraginez. Garai hartan mugikorrik ere ez zuten: “Faxa ere gerora ezagutu dut. Iurretan idazmakinarekin egiten nuen lan”, dio. Aldaketa horietara egokitzea “kosta egin” zaio Larrañagari, baina teknologiak “lanerako erraztasuna” ekarri dio. “Lehen, adibidez, uholdeak baziren, bizilagunen baten bideoa jasotzen genuen. Orain, bideoak eskatu eta jende askok bidaltzen dizkigu”. COVID-19ak eragindako krisian ere lanerako izan dituzten zailtasunetan “laguntza handia” eman die berrikuntzak. Larrañagak azaldu du elkarrizketatuei horizontalean bideoa grabatzeko eskatu izan dietela, eta horrela egin dituztela bideoa asko.

Teknologiak ez ezik, gazteek ere eraldatu dute kazetaritza, Larrañagaren arabera. “Inbidiaz” begiratzen die gazteei: “Gogoa daukate. Kalera joatea gustatzen zait niri ere, baina jendearen atzetik galdezka ibiltzea ez, eta gazteei ez zaie inporta”. Larrañagak dio “ausartagoak” direla gazteak. Beste alderaketa bat ere egin du, “arriskutsua” izan daitekeena: “Nik adierazpenen kazetaritza deitzen diodana egiten dugu nire belaunaldikook. Honek esan du, honek adierazi duenez, honen arabera... Esaterako: ‘Erraustegia oso kaltegarria izango da osasunerako’. Hala esan du, behintzat GuraSOS taldeak. Gazteek ordea, norbaitek esandakoa beraien ahotan jartzen dute. Testua luzatu egiten dugu guk. Egia da beraiena modu biziagoa dela, eta zuzenagoa dela mezua”.

Baina bitartean, hor segiko du Larrañagak, mikrofonoa eskuan, gaztetatik bere buruarentzako imajinatu zuen ofizioa betetzen: historia kontalaria.

  • Adina: 58 urte.
  • Ikasketak: Informazio Zientzietan Lizentziatua.
  • Lanbidea: Kazetaria.
  • Kazetaria ez banintz... medikua.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... paolbide aldean jira-biraka ibiltzea.