Askotariko kultur ekitaldiak izango dira abuztuan eta irailean

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 23a, 13:03
Alondegiko Oxford aretoan aurkeztu dute Udalak eta hainbat eragilek Musika Jaialdia eta udako programazioa. (Maria Maya Manterola)

Zumaiako Udalak eta ekitaldiak antolatu dituzten eragileek gaur aurkeztu dute abuztuko eta iraileko programazioa. Urtero bezala, Musika Jaialdia izango da abuztuaren lehen astean zehar. Bestetik, kultur-eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango da herrian irailaren amaierara arte. 

Musika Jaialdia eta abuztuko eta iraileko programazioa aurkeztu dute gaur Zumaiako Udalak eta hainbat eragilek. Bertan izan dira Marina Bidasoro Udaleko zinegotzia, Joxe Mari Azkue ZUMBeko zuzendaria, Iker Gonzalez San Pedro abesbatzako kidea, Marixi Sesma Sapere Aude Sinfonietta-ko kidea, Miriam Romatet kultur teknikaria eta Mari Carmen Azpeitia organo jotzailea. Bidasorok nabarmendu du Musika Jaialdiaren programazioa antolatzea sei hilabete baino gehiagoko lana dela, eta aurten lan handia egin dutela eragile guztiek jaialdia egoerara moldatzeko. Gainera, Donostiako Musika Hamabostaldiko bi kontzertu izango dira Zumaian, Bidasorok azaldu duenaren arabera. 

Jaialdiarekin hasteko, XVIII. Klarinete Maratoiko laukote lehiaketako irabazleak kontzertua eskainiko du Torreberrin. Romatetek azaldu du kultura eta etorkizuna babesteko konpromiso irmoa hartu dutela aurtengo jaialdia antoaltzerako orduan, eta lehen ekitaldi hau konpromiso horren erakusle dela. Egun berean, uztailaren 30ean, ZUMBen kontzertua izango da Santiagoko Etxeko lorategietan. "Talde txikiz osatutako kontzertuak emango ditugu, eta filmetako soinu bandak izango dira protagonista. Zendu berri den Ennio Morriconeri ere keinu txiki bat egingo diogu", azaldu du Azkuek. 

San Pedro abesbatzak ere hartuko du parte aurtengo programazioan. Gonzalez abesbatzako kidearen arabera, bi zati izango ditu hilaren 31n eskainiko duten kontzertuak: alde batetik, koroa; eta bestetik, aldarea. Erromantizismoarekin eta Wagnerekin lotutako musika alemaniarra izan dute inspirazio iturri lehen zatirako. Bigarrenean, aldiz, aitzinako musika eta herrikoia eskainiko dute, tartean, Benito Lertxundik sortutako eta Xabier Sarasolak moldatutako Gure bide galduak. Gonzalezek dio "ezberdina" izango dela emanaldia, "elkarren ondoan kantatzera ohituta" daudelako. "Hala ere, erronka bat izango da", gaineratu du.

XVI. mendean egiten zuten bezala, Sapere Aude Sinfonietta-ren emanaldia orkesta txikian eskainiko dute, Sesmaren arabera. Herritarrak kontzertura bertaratzera gonbidatu ditu. Azkenik, Mari Carmen Azpeitiak azaldu du Donostiako Musika Hamabostaldiko musikariak bertakoak izango direla aurten, COVID-19ak sortutako krisialdia dela eta. Zumaian, Garikoitz Mendizabalekin arituko da, organoarekin eta txistuarekin eskainiko duten kontzertu berezian. 

Besteak beste, antzerki emanaldiez, kontzertuez, bertso saioez eta dantza ikuskizunez gozatzeko aukera izango da herrian

Jaialdiaz gain, kultur-eskaintza oparoa
Musika jaialdiko ekitaldiez gain, kultur-ekitaldi ugari izango da abuztuan eta irailean Zumaian. "Kultur-eskaintzan konpromiso irmoa dugu. Egitarau zabala antolatu dugu aurten, eta askotariko ekitaldiak izango dira udan", azaldu du Bidasorok. Besteak beste, antzerki emanaldiez, kontzertuez, bertso saioez eta dantza ikuskizunez gozatzeko aukera izango da herrian. Zinegotziak gaineratu du aurten ezin izan dela kalean Maiatza Dantzan ekimena ospatu, baina dantza kaleratzea xede duen egitasmoari lekua egin diotela udako programazioan. Horrez gain, erakusketak ere izango dira: txuri-beltzeko argazki lehiaketako saridunen lanena, Txiki Agirre Keixeta artista zumaiarrarena eta Ignacio Zuloagarekin lotutakoa. 

Beheko plazan eta herrigunean izan ohi dira ekitaldietako asko, baina Herri Eskolako patiora eta Aitzuri pilotalekura lekualdatu dituzte batzuk

Beheko plazan eta herrigunean izan ohi dira ekitaldietako asko, baina Herri Eskolako patiora eta Aitzuri pilotalekura lekualdatu dituzte batzuk. Hala, kultura "herriko gune guztietara zabaldu" nahi dute. Bidasorok aipatu du Oreka TX taldearen kontzertua Itzurun hondartzan egitekoa zela, baina segurtasun arrazoiak direla medio, Herri Eskolan egingo dela azkenean. 

Ekitaldiak doan, gonbidapenekin
Urtero bezala, doan izango dira ekitaldi guztiak, baina jende pilaketak saihestu eta segurtasun neurriak gordetzeko, beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Hala eta guztiz, Udalak azaldu du aurrerago jakinaraziko dutela gonbidapenak eskuratzeko sistemaren berri.

EGITARAUA

Musika Jaialdia

Uztailak 30 
13:00 Klarinete Maratoiko laukote irabazlea
19:30  Santiago Etxean ZUMB Musika banda
Uztailak 31
20:00 Parrokian San Pedro abesbatza
Abuztuak 2
19:30 Zumaiena aretoan Sapere Aude Sinfonietta
Abuztuak 3
20:30  Parrokian
Donostiako Hamabostaldiko organo zikloa: Mari Karmen Azpeitia eta Garikoitz Mendizabal, organoa eta txistua.
Abuztuak 6
20:30  Parrokian
Donostiako Musika Hamabostaldia: Conductus Ensemble
Abuztuak 8
19:30 Odietan Musikaldian dantza:
Lasalaren FIGTH eta Myriam Perez Cazabonen NIRE AZALEAN ARROTZ
Abuztuak 9
19:30 Herri Eskolako frontoian
OREKA TX


Abuztua eta iraila


Uztailak 30 
7:30tik, 12:00 XLV kabra eta dontzeilen herriko arrantza lehiaketa 
Abuztuak 1
19:30 Odietan A Santo De Qué
Abuztuak 2
15:00 – 18:00  ARRAIN TXIKIEN XLV. arrantza lehiaketa 
Abuztuak 8
10:00etan Beheko plaza Artisau eta elikagai azoka
Abuztuak 14   
19:30  Herri Eskolako frontoian bertsoak: Nerea Ibarzabal, Eli Pagola, Beñat Lizaso eta Agin Laburu. Gai-jartzailea Ane Ezenarro.
Abuztuak 15
19:00 Odietan kale antzerkia: Cabaret Panoli, Ganso
Abuztuak 22
19:00 Herri Eskolako frontoian kontzertua: Anari 
Abuztuak 29
18:00-22:00 Herri Eskolako frontoian DARDARA FEST
Abuztuak 30
18:00 Herri eskola frontoian antzerkia: CIRCO CHOSKO  Indartsuak
Irailak 5
Oxforden erakusketa irekiera: Zuloaga eta Zumaia
Irailak 11 
20:00  Aita Marin  bertsoak eta dantza
ERRIMAK BI OINETAN  (Maiatza Dantzanetik atzeratuta)
Irailak 25
Aita Marin Zumaiako Emakumeon Etxeak antolatuta Edurne Pasabanekin saioa
Irailak 26
20:30 Parrokian Organo kontzertua, Flysch zikloa: Soprano, tronpeta eta organoa Nuria Orbea, Vicente Olmos eta Ainhoa Barredo