Maite Manzisidor: “Erraztasunak behar ditugu, gainontzeko sektore guztietan bezala”

Baleike 2020ko uzt. 22a, 17:29

2020ko Gazte Plana programaren 23 onuradunetako bat da Maite Manzisidor zumaiarra. Gurasoen baserrian erreleboa hartuko du, eta esnetako eta haragitarako behien ustialekuarekin jarraituko du. Aldundiaren Gure Lurra aldizkarian elkarrizketa egin diote

Baserriarekin jarraituko duen laugarren belaunaldia zara. Nola izan da errelebo hori?
Egoerak bultzatu nau horretara. Duela bost urte aita hil zen eta orduan guztia hankaz gora geratu zen baserrian, bera baitzen arduradun nagusia eta gauza asko nola kudeatu ez genekiela gelditu ginen. Urte batzuetan baserria kili-kolo egon da eta orain gazteok ardura hartzeko garaia iritsi da. Hasiera batean, etxean dugun nekazalturismoan hasi nintzen lanean, baina orain baserrian zentratu naiz.

Zuk aurkeztu duzun enpresa-plana baserrian teknologia berriak ezartzean datza ezta?
Bai, behiak jezteko robota zehazki. Izan ere, gero eta jende gutxiago gaude baserrian lan egiteko eta ez gara iristen, ezin zara belarretan eta ukuiluan aldi berean aritu. Robota alternatiba bat da. Eta helburua baserria ere garai berrietara egokitzea da.

Zertan lagundu dizu Gazte Planak?
Dirulaguntza ezinbestekoa izan da robota erosi ahal izateko. Oso prezio altuak dituzte eta kanpoko laguntzarik gabe ezinezkoa da. Nik uste sektore guztiak egokitu behar direla teknologia berrien laguntzaz aurrera atera ahal izateko. Eta lehen sektoreko produktuak hain prezio baxuan ordaintzen dituztenez, instituzioen laguntza ekonomikorik gabe ezinezkoa da makineria berria erostea: bai traktorea, bai belarra mozteko makina... Guk makinaria hauek ezinbestekoak ditugu lanean jarraitu ahal izateko, ez gara ariko duela 40 urteko traktore batekin. Erraztasunak behar ditugu, gainontzeko sektore guztietan bezala.

Lehen sektorearen erreleboa bermatzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka nagusienetako bat da. Zer egin daiteke zure ustez gazte hauek animatzeko?
Galdera ona. Arazoa da 35-55 urte bitarteko belaunaldi oso bat galdu dela. Tailerrean hasi dira lanean 16 urterekin eta jubilatu arte, eta etxean bertan bultzatu zaie horretara, baserritik dirurik ez zegoelako. Horrez gain, egunero egin behar da lana. Prezioak baxuak dira eta gizartearen jarrerak ere ez du asko laguntzen. Gauza asko dira. Guk nekazalturismoa ere badaukagu eta horrek baserria gaizki joanda ere babes handia ematen du. Dena den, baserritar sena duen oro animatzen dut aurrera egitera, hori bai, ondo jakinda errealitatea zein den eta nora doan, izan ere baserria ofizio bat ez baino bizimodu bat da, etika bat, bizitzeko era bat. Gaur egun badaude baserri eskolak, non bizimodu hori ikasten duzun eta benetan gustatzen zaizun edo ez probatu dezakezu hasi aurretik. Horrez gain, esan behar da gazte berri bat baserrian hasten denean elkarlan handia erakusten dutela inguruko baserritarrek eta hori laguntza handia da, eta asko ikasten da.