Euskarazko bi filmen emanaldiak izango dira udan Odietan

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 20a, 11:30

'Errementari' botako dute bihar, asteartea. Turismo Bulegoan jaso beharko dira gonbidapenak; nerabeek, Gaztegunean eta kale hezitzaileen lokalean ere eskuratu ahal izango dituzte.

Gazteguneko eta kale heziketako hezitzaileek nerabeentzat eta gainontzeko herritar guztientzat eskaintza bat egin dute udari begira. Beren zerbitzuko erabiltzaileak nerabeak direla kontuan izanik, eta bi zerbitzuen arteko harremana estutze aldera, hainbat kirol ekintza izan dira orain arte. Oraingoan, beste proposamen berri bat zabaldu dute: udako gauetan euskarazko filmen emanaldiak. 

Uztailaren 21ean, bihar, Errementari botako dute 22:00etan Odietan, eta irailaren 3an, Aupa Etxebeste!, leku eta ordu berean. Herri mailako kultur ekitaldi guztietan bezalaxe, Turismo Bulegoan jaso beharko dira gonbidapenak. Guztiak agortu ezean, emanaldiaren unean bertan ere Odietan izango dira eskuragarri. Gaztegunean eta kale hezitzaileen lokalean ere eskuratu ahal izango dituzte nerabeek.