'Urola Kosta: itsas-lurra' kanpaina aurkeztu du gaur Urola Kostako Udal Elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 19a, 11:00
Aldundiko, udaletako eta mankomunitateko ordezkariak, ostiralean, Orion, zenbait enpresabururekin batera (Onintza Lete Arrieta)

Orion egin dute aurkezpena aste honetan, eta bertan izan da, besteak beste, Alex Oliden alkateordea. UKUEren asmoa da bost herriek elkar hartuta sustatzea "turismo jasangarria", eta garrantzia eman diote turismo sektoreko enpresak bultzatzeari ere.

Urola Kosta: itsas-lurra izeneko turismo kanpaina aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak ostiralean Orioko alde zaharrean. Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak, Bakartxo Oliden Orioko Turismo zinegotziak eta Iker Goiri aldundiko Turismo zuzendariak hartu dute hitza, baina bertan izan dira Zumaiako, Getariako eta Zarauzko udal ordezkariak ere (Anuska Esnal eta Haritz Alberdi Orioko eta Getariako alkateak, Alex Oliden Zumaiako alkateordea eta Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo zinegotzia).

Kanpainaren helburu nagusiak dira udal elkartea osatzen duten bost herrietako turismo eskaintza bateratuta aurkeztea bisitariei eta turismo arloko enpresen lana bistaratzea eta bultzatzea. Gainera, eskualdeak eskaintzen duen “turismo jasangarria” Gipuzkoatik eta Euskal Herritik kanpora zabaldu nahi dute, eta baliabideak jarri dituzte Kataluniako, Frantzia hegoaldeko eta Espainian Errioxa, Kantabria eta Madrilgo herritarrengana iristeko.

Kanpaina zabaltzeko sare sozialetan jarri dute indarra, eta hiru bideo ere egin dituztela azaldu dute prentsaurrekoan. Euskarri fisikoa ere badu kanpainak, flyerrak sartuko dituztelako Gipuzkoa Passport ekimeneko pasaporteetan. Azkenik, turismoa.urolakosta.eus webgunea ere martxan jarri du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak enpresak bultzatzea izan du hizpide: “Udal elkartea osatzen dugun herriok gauza asko ditugu komunean, eta kanpaina honekin turismo arloko enpresak ikustarazi nahi ditugu. Hori ezinbestekoa dela uste dugu COVID-19 birusak eragindako krisiari aurre egiteko. Kanpainaren helburua turismo sektoreari bultzada ematea da, eta azpimarratu nahi nuke segurtasun neurriak errespetatzen baditugu, bizitza normala egin dezakegula eta hori lagungarria izango dela sektore osoarentzat”.

Aurrera begira, bost herrien artean plan estrategiko bat osatzea da asmoa, bailarako turismoa urte osora zabaltzeko helburuarekin. Jada turismo teknikariekin eta hainbat eragilerekin horretan ari direla jakinarazi du Salsamendik.

Aldundiaren Gipuzkoa Passport ekimena ere goraipatu du, eta azaldu du udal elkartearen kanpaina guztiz bat datorrela aldundiaren ideiarekin: “Pasaportean aukera batzuk ageri dira, baina udal elkartearen webgunean sartuz gero, aukera gehiago daude”. Turismo masiboa saihestu behar dela argitu du, eta udal elkartea proposatzen ari dena turismo jasangarria dela azpimarratu du: “Badago gure esperientziak bertan kontsumitzea eta bertan bizitzea”.

Haritz Alberdi eta Anuska Esnal alkateak, bizkarrez, hizlariei adi (Onintza Lete Arrieta)

Hain zuzen, ekimen hori izan du hizpide Iker Goiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak ere. “Harrera oso ona ari da edukitzen Gipuzkoa Passport, 5.000 pasaporte berri argitaratu behar izan ditugu, eta bertako jendea ari da, gainera, horiek erabiltzen, gipuzkoarrak eta euskal herritarrak. Turismo Bulegoetan esan digute erabiltzaileen perfila aldatzen ari dela, eta Donostian donostiarrak ari direla joaten, eta Azpeitian, bailarakoak. Horrek erakusten du herritarren konpromisoa lurraldearekiko eta herriarekiko, eta hori positiboa da, helburua horixe zen”.

Goiriren arabera, Gipuzkoan gaua igarotzeko dauden zerbitzuetan okupazioa %50ekoa da une hauetan, eta “uste baino datu positiboagoa” da hori, bere esanetan. Aldiz, “asko sufritzen” ari dira kanpotarrei bideratutako turismoa eskaintzen duten enpresa txiki asko, “batez ere bisitari anglosaxoiei bideratuta dauden zerbitzuetan”. Esan du enpresa horiek “ahal den neurrian sustengatzen” ari dela aldundia, “balio handia ematen diotelako sektoreari”.

Bakartxo Oliden Orioko Turismo zinegotziak, berriz, Orio izan du hizpide. Azpimarratu du Orio arrauna eta hondartza baino gehiago dela, eta “gauza kutun eta harrigarri asko egiteko aukera ematen duen herria” dela. Erriyoa nabarmendu du, “historiaz eta istorioz, ondarez, kulturaz… beteta dago, eta hori da herritarrei eta bisitariei transmititu nahi dieguna”.