Abian da beste urte batez Julene Azpeitia literatur lehiaketa

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 14a, 18:15

Abian da beste urte batez Zumaiako Udalak antolatutako Julene Azpeitia literatur lehiaketa. 33. edizioa izango du aurten parte hartzaileen artean literatur sorkuntza bultzatzeko eta indartzeko lehiaketak.  

Idatziaren gaia librea izango da, eta euskara hutsean sortu beharko da. Aurrez argitaratu gabeko 6-15 orri arteko luzerako lanak jasoko dituzte. Lanak helbide honetara bidali beharko dira, Julene Azpeitia 33. ipuin lehiaketarako dela adierazita: Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen plaza 1, 20750 Zumaia. Edozein kasutan, idatziak aurkezteko azken eguna irailaren 30a izango da.

Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak hiru sari banatuko ditu. 3.000 euroko saria izango du irabazleak, 1.500 eurokoa emango diote bigarrenari, eta 1.000 euro jasoko ditu hirugarren postuan sailkatzen denak. 

Zumaiako Udalaren webgune ofizialean, zumaia.eus helbidean, aurki daitezke lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak.