Gaurtik aurrera eman daiteke izena osteguneko ipuin musikatua ikusteko

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 13a, 15:50

'Elkarrekin ipuin bidean' emanaldia izango da ostegunean, hilak 16, Oxford aretoan. Doan izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea. 

Kulturarekin lotutako askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango da uztaileko ostegunetan. Aste honetan, hilak 16, haurrei zuzenduriko Elkarrekin ipuin bidean ipuin musikatuak hartuko du Alondegiko Oxford aretoa, 18:00etatik aurrera. Emanaldia doan izango da, baina Kultura Sailetik gogorarazi dute udako ikuskizunetarako beharrezkoa dela aurrez izena ematea, seguratasun eta osasun neurriak bermatzeko.

Gaurtik eman daiteke izena ipuin musikatuan, alondegia@zumaia.eus helbidera mezua idatzita. Bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu, eta jakinarazi dute emanaldian ezinbestekoa izango dela maskara erabiltzea. Emanaldia 3 urtetik gorako haurrei zuzendutakoa izango da.

Ekitaldi gehiago uztaileko ostegunetan
Uztailaren 23an, Zirkozaurre konpainiaren Vademecun  ikuskizuna izango da Aitzuri frontoian. Hileko azken ostegunean, ordea, Musika Jaialdia aurkeztuko dute Klarinete Maratoiko laukote lehiaketa irabazi zuen taldearekin. Torreberrin egingo da azken ekitaldi hau.