Beste koronabirus kasu bat detektatu dute Zumaian azken orduetan

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 11a, 12:56

Koronabirus kasu berri bat detektatu dute azken orduetan Zumaian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian eman ditu azken 24 orduetako datuak, eta Zumaian aste honetan izandako bigarren kasuaren berri eman du.

COVID-19ko bi kasu positibo eman dira aste honetan Zumaian. Aste erdian sare sozialen bidez bolo-bolo zebilena ostegunean konfirmatu zuen Osakidetzak: kasu positibo bat izan zela herrian. Udalak atzo plazaratutako ohar batean azaltzen zuenez, aste honetan Ordizian izandako fokuarekin lotura du lehen kasu horrek, eta bigarren kasu bat ere bazela iragarri zuen: "Positibo horrek Ordiziako agerraldiarekin zuen lotura, eta ohiko prozedura jarraituz, positibo emandako zumaiarraren inguruko jendeari frogak egin dizkiete. Horietako batek positibo eman du lehen frogan; gainontzekoek lehen frogan negatibo eman badute ere, bigarren frogaren zain daude".

Ostegunean konfirmatutako kasu positibo horri lotuta taberna bat ixteko agindua eman du udalak, behin bertako langileen PCR probek negatibo ematen duten arte.

Guztira 31 kasu positibo eman dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 24 orduetan. Horietatik hamazazpi Gipuzkoan eman dira, hamabi Bizkaian eta bi Araban.