[ARGAZKI GALERIA] Telmo Deun elkarteko arraunlariak, liga hasteko prest

Mireia Galarza Bastida 2020ko uzt. 11a, 10:30

Atzo arratsaldean egin zuten Telmo Deun elkarteko bi taldeen aurkezpena. Gaur hasiko dute liga, eta koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, zehaztutako hainbat lekutan jokatuko dituzte denboraldiko estropada guztiak. 

Gaur hasiko dute arraun denboraldia Telmo Deun arraun elkarteko kideek, eta hori horrela, atzo arratsaldean egin zuen elkarteak traineruen aurkezpena. Iaz bezala, aurten ere bi talde izango dira –bata emakumezkoena eta bestea gizonezkoena– kamiseta gorria jantziko dutenak, baina koronabirusak eragindako egoera tarteko, desberdina izango da denboraldia. Izan ere, estropada guztiak Pasaian, Getarian, Getxon, Kastron eta Santanderren egingo dituzte.

Emakumezkoen kasuan, Kike Manterola izango da taldea entrenatzeko ardura izango duena, eta gizonezkoen kasuan, aldiz, Iñaki Larrañaga zumaiarra estreinatuko da entrenatzaile karguan. Larrañagak mutil eta neska guztien lana "goraipatu" nahi izan du, bere ustez, ez baita "erraza" izan bi hilabetez lanean jarraitzea, jakin gabe denboraldia jokatzeko aukerarik izango zuten edo ez. Manterolaren kasuan ere taldeko arraunlarien lana "txalotzekoa" dela azpimarratu du, "ariketa mental gogorra" izan baita, bere hitzetan, ergometroarekin etxean ibiltzea.