Udaltzaingoa Fielatora itzuliko da gaurtik aurrera

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 10a, 08:37

Fielato zaharra berritzeko lanak amaituta, Gernika parkeko tren estazio zaharra utzi eta ohiko lekura itzuliko da udaltzaingoa gaurtik aurrera. 

Urte hasieran ekin zioten Axular ibiltokiaren hasiera, Foronda azpian, dagoen Fielatoko eraikina berritzeko lanei. Bitartean, anbulatorioa ere izan zen Urolako treneko estazio zaharrean kokatu da Zumaiako Udaltzaingoa. Berritze lanak amaituta, Fielatora itzuliko dira udaltzainak gaurtik aurrera. Eraikinaren berritze lanek 382.191 euroko kostea izan dute. 

Egungo beharretara egokitzeko barne distribuzioa erabat aldatu dute; hala, pareta, sabaia eta instalakuntza guztiak eraitsi dituzte berriak egiteko, horiek egungo araudira moldatuz. Eraikinaren fatxada osoa ere eraberritu dute, eta sarrera nagusia tokiz aldatu eta erdian kokatu dute. Gainera, aurrerantzean Fielato osoa Udaltzaingoaren erabilerarako izango dela jakinarazi du udalak.

Zumaiako Udaltzaingoa