Itsas kiroldegi pareko jende pilaketak ekiditea eskatu du udalak

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 10a, 08:07

Herritar batzuek itsas kiroldegi inguruan hartzen dute bainua, errioan sartuta. Horren jakitun, bertan gerta daitezkeen jende pilaketak saihestea eskatu du Zumaiako Udalak.

Azken egunotan itsas kiroldegiaren inguruan jende pilaketak sortu direla eta, udalak arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei. Batetik, gogoratzen du inguru hori guztia kirol gunea dela –Telmo Deun arraun elkartearen, Itxas-Gain piraguismo klubaren, eta Olarru-sub urpekaritza taldearen egoitzak hor daude–, eta debekatuta dagoela bertan bainua hartzea, eguzkia hartzea, eta, orokorrean, joan-etorria oztopatzea.

Bestalde, COVID-19aren ondorioz bizi dugun osasun krisia dela eta, pilaketa hauek saihestearen garrantzia nabarmendu du udala beste behin ere, herrita guztion "ardura eta elkartasunean" azpimarra eginez.