Udalak bi langile kontratatu ditu Itzurungo sarrera-irteerak kudeatzeko

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 9a, 15:14

Mareak direla eta edukiera arazoak sor daitezkeen egunetan eta ostiral, larunbat eta igandetan egingo dute lan. Udalak, gainera, sarrera-irteerak seinalizatzeko bide berriak ipiniko ditu. 

Gipuzkoako Aldundiaren aforo kontrolerako aplikazioaren lehen egunen ondoren, Udalak erabaki du bi langile kontratatzea Itzurungo sarrera-irteerak eta edukiera kudeatzeko. Ostiral, larunbat eta igandetan eta mareak direla eta edukiera arazoak sor daitezkeen egunetan arituko dira lanean bi langile horiek, Udalak jakinarazitakoaren arabera. Jendeari sarreren eta irteeren irizpideak ematea izango da beren lana, edukiera betetzen den unetan hondartzatik irteten direnak zenbatzeaz gain. 
 
Udalak, gainera, sarrea-irteerak seinalizatzeko bide berriak ipiniko ditu. Era berean, gogorarazi nahi izan dute Itzurunera iritsi ahala eskuineko arrapalatik jaitsi behar dela, erdiko eskilarak kantinara jaisteko soilik erabili behar direla eta ezkerreko eskilarak, hondartzatik irtetzeko. Arrapala erabiltzeko aukera izango dute mugikortasun arazoak dituztenek, adinekoek eta ume kotxea daramatenek.