Eskualdeko beste bost ontzi ere uretara

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 9a, 10:41
Zumaiako gizonezkoen trainerua iaz, Zarauzko estropadan / Argazkia: Gorka Peñagarikano Goikoetxea

Asteburu honetan eskualdeko bost ontzi murgilduko dira lehian: emakumezkoen Zumaia, eta gizonezkoen Orio 'B', Getaria, Zumaia eta Zarautz 'B'. ETE, KAE1 eta KAE2 mailetan arituko dira. Bost traineruetako prestatzaileek euren egoeraren berri eman dute.

Eskualdeko hiru traineru murgildu ziren lehian aurreko asteburuan, eta, oraingo honetan, gainontzeko bost ontzien txanda izango da. Batetik, emakumezkoetan, ETE Ligan lehiatuko da Zumaia; iazko urte apartaren ondoren banderen borrokan ibiltzea dute helburu. Eta bestetik, gizonezkoetan, mailaz igo berri den Orioren bigarren taldeak, Zumaia eta Getariarekin batera KAE1 Ligan neurtuko ditu indarrak. Azkenik, KAE2n, Zarauzko bigarren talde sortu berriak hartuko du parte.

Kirolean ez ezik, antolakuntzan ere izan du eraginik COVID-19 gaitzak eta haren eskutik etorri denak. Egutegiari erreparatzea besterik ez dago: estropada gutxiago jokatuko dira, baina horrez gain, bost herri edo hiri hautatu dira estropadak jokatzeko, beste asko kanpoan utzita. Izan ere, bizi dugun egoera direla medio, segurtasun neurriak mantentzea ahalbidetzen duten guneak proposatu zituen Ligak. 

Aproposak izan zitezkeen herrien artean zen Getaria ligaren antolatzaileen ustez, moila eta kirol-instalazio zabalak dituela iritzita. Azkenean, bai Getariako Udalak eta baita klubak ere erronka onartu, eta estropada dezente jokatuko dira bertan; zehazki, aipaturiko mailetako bakoitzetik hiru saio. Getariaz gain, honakoak dira egutegian adierazten diren gainontzeko lau herri edo hiriak: Pasaia, Getxo eta, Kantabrian, Castro Urdiales eta Santander. Lau estropada-eremu hauetan jokatuko dira hamabi saio puntuagarri, asteburu honetan hasi eta abuztuaren 30a bitartean.

Gauzak horrela, taldeaz, aurkariez eta gain-gainean den denboraldiaz hitz egin du Hitzak bost traineruen prestatzaileekin.

Zumaiako emakumezkoak: Etxeko lanak eginda


Konfinamenduan, klubetik ergometro bana hartu eta hiru hilabetez "jo eta su" aritu dira lanean Zumaiako neskak. Denbora luze baten ondoren, duela hilabete itzuli ziren berriz uretara, eta Kike Manterola prestatzaileak, bere "harridurarako", "ederki" ikusi zuen taldea: "Gure neskek etxeko lanak egin dituzten seinale da".

"Gogorra izan da egunero ergometroa astintzen egon behar izatea, baina are okerragoa izan da ez jakitea uda honetan estropadak jokatuko ziren edo ez". Honela kontatzen du Manterolak konfinamenduan bizi izan duten egoera ziurgabea, baina aurrera begira jarri, "lanak ondo egin" eta "gogoz" daude denboraldiari ekiteko. 

Taldeak iazko oinarriak jarraitzen dituen arren, fitxaketaren bat edo beste egin dute aurten zumaiarrek. Hiru arraunlari ekarri dituzte Kataluniatik, jubeniletatik etorritako batzuk batu zaizkie taldera eta arraunean aurrez ibilitako pare batekin talde "oso osatua" eratu du Manterolak. 

Lehiaz eta aurkariez galdetuta, neguan jokatutako estropada gutxi horiek ditu gogoan prestatzaile zumaiarrak, izan ere, martxotik lagunarteko saiorik jokatu gabe dira. Besteak nola dauden jakitea "ez dela erraza" dio, baina bere aurreikuspenak eginak ditu. Hibaikarekin lehian aritzea espero du, baina errenteriarrek fitxaketa esanguratsuak egin dituzte. 

Guztiaren gainetik, norberak norbere buruari begiratu behar diola uste du Manterolak. "Gauzak datozen bezala ikusten" joango direla dio, baina garrantzitsuena, arraunlariak "ilusioa" edukitzea dela uste du. "Ondo ikusten dut Zumaia, eta hasteko gogoz nago, ikusteko non kokatzen garen lehian".

Getariako gizonezkoak: Etxeko hiru estropada


Hamabi estropadatik hiru Getarian jokatuko dira, Esperantza traineruak ondoen ezagutzen duen eremuan. Agian abantaila eman diezaioke horrek, baina Ion Larrañaga prestatzaileak gogo eta animotik hitz egin du gehiago: "Etxean jokatzean bestetan baino gogo gehiagorekin irteten zara, baina gogoak presioa ere badakar". 

Presioaz gain, klubak hainbeste estropada antolatzearen apustu horri ondo erantzun nahiko liekete. "Txalotzekoa eta eskertzekoa" dela dio Larrañagak, lan "handia" dagoelako atzean. Denboraldia hasteko "gogotsu" dira getariarrak. Pasaiako estropada bost luze eta lau ziabogatara jokatuko da, eta hasi aurretik ez da prestatzailearen gustukoa, "oso indartsuak" ez direlako erlojuaren aurkako halako saioetan. 

Aurrera begira, "disfrutatzea" dute helburu. "Gure maila eman nahi dugu, estropadaz estropada joan, hobetu eta gozatu". Aurtengo denboraldia erabat ezberdina dela eta iazkoari ez erreparatzeko dio Larrañagak, eta horrez gain, goialdean "traineru oso potenteak" finkatu direla uste du: Deusto, Pedreña, San Pedro eta San Juan, besteren artean, arraunean ondo eta fitxaketa interesgarriak eginak dira.

Zumaiako gizonezkoak: "Aurten lehiakorrago"

Entrenatzaile berria du gizonezkoen Zumaiako taldeak: Iñaki Larrañaga. Gazte-gaztetatik arraunean aritu da Zumaian eta, orain, lehen aldiz, entrenatzaile arituko da lau urte pasatu direnean arrauna utzi zuenetik.

Baja pare bat izan dituzte, baina iazko talde berarekin jarraitzen dute zumaiarrek, "lanerako gogoz" dagoen jende gaztearekin. Iaz lehen txandan finkatu eta fin ibili ziren; bederatzigarren postuan amaitu zuten denboraldia, hamargarrenetik 20 puntu baino gehiagora.

Konfinamenduan, etxean entrenatzen "momentu zailak" pasatu dituztela dio prestatzaileak, baina talde guztiak berdin egon direla aintzat hartu behar dela uste du. Hala, bere kezka da taldea nola aurkitzen den lehen estropaden: "Posible da errodaje pixka batekin hastea eta aritzea lehen estropadetan, baina behin abuztua helduta ez da aitzakiarik egongo".

Getariako prestatzailearen bidetik, zumaiarrak antzera pentsatzen du datorkien ligaren mailari buruz. Aurtengoa ziurrenik "lehiakorragoa" izango dela dio, talde batzuk "asko indartu" direlako eta espresuki indartu ez direnek iazko antzerako koadrilarekin jarraitzen dutelako, Getariaren kasuan adibidez.

Orioko gizonezkoak: Aurten KAE1 mailan


Angel Mari Larrañaga da Orioko gizonezkoen bigarren taldeko entrenatzailea. Harrobiko taldea du Oriok maila honetan, herriko jende gaztez osatua. Denboraldi bikaina egin zuten iaz, eta merezimendu osoz, Castroren aurretik geldituta, mailaz igo ziren. Bi urte eman ditu Oriok KAE2 mailan. Lehen urtean laugarren geratu zen igoerako postuetatik puntu gutxira, eta iaz borobildu zuten urtea. Aurten, erronka "potentea" dutela uste du, KAE2 Ligatik KAE1era «saltoa» dagoelako.

Jubeniletatik igo dituzten gazteekin bete dute bigarren taldetik lehenengora pasatu diren arraunlarien hutsunea. Taldea «ondo» finkatu zuten neguan, eta orain, Larrañagak dio "gogotsu" ikusten duela taldea denboraldiari ekiteko. "Gustura" aritzea dute helburu; ez dute aurreikuspen handirik egiten. Izan ere, prestatzailearen ustez, "ikusteke dago" nola dauden beraiek eta nola aurkariekiko.

"Haize berri pixka bat ondo etorriko zaigu konfinamenduaren ondoren", dio prestatzaileak. Orain, estropadetan murgiltzea "egokitze lana" izango dela uste du. Euren buruarekiko froga modukotzat jotzen ditu lehen estropadak, bertan ikusiko baita zer moduzko lana egin duten neguan. 

Zarauzko gizonezkoak: "Proiektu berri bat"


Hamar urteren ondoren, Zarautz Arraun Elkarteak gizonezkoen bigarren taldea izango du uretan. Hamar urte ziren Enbata ez zela maila gorenera ailegatzen, baina hamar urte ziren baita ere herriak ez zuela gizonezko seniorren bigarren talderik ateratzen. 

Aurpegi berri bat du klub berriak: Alex Orena. Ibilbide luzea du arraunean Orena donostiarrak. Errenteriako Hibaikan eman ditu azken ia hamar urteak arraunean eta entrenatzaile modura lanean. Iazko abenduan, ZAEko presidentearen deia jaso eta «gustura onartu» zuen proposamena. 

"Formakuntza talde bat da bigarren talde hau", dio prestatzaile eta arraunlariak. Izan ere, jubenilak eta harrobiko gazteak batzeaz gain, sekula arraunean ibili gabeko jendea, urte batzuk lehenago ibilitakoak zein arrauneko beste modalitatetan ibilitakoak batu dira. Hargatik, azpimarratu du "ikastea eta disfrutatzea" dute helburu.

Mailarik apalenean, KAE2 Ligan, lehiatuko da Zarauzko gizonezkoen bigarren ontzia. Orenak azpimarratu du "inolako presiorik gabe" jardungo dutela. Dena den, horrek ez dio profesionaltasunik kentzen, konfinamenduan ez baitituzte eten entrenamendu saioak. "Bakoitzarentzat ergometro bana lortu dugu, eta etxean eta bakarka izanda ere, lan egin dugu neguan. Ikusiko dira emaitzak eta ziur joango garela hobetzen". 

Arraun denboraldiaren porra


Urola Kosta eskualdeko tokiko hedabideok arraun denboraldiari atal berezia eskaintzen ari gara aurten ere. Aurreko urtean bezala, porra bat abiatu dugu arraunzaleek parte hartzeko. Honakoa da luzatzen den galdera: zenbagarren postuan sailkatuko da edo dira zure herriko trainerua(k)? Baleike, Karkara eta Zarauzko Hitzaren atarietan hartu dezakezu parte. Erantzun galderari abuztuaren 9a baino lehen, eta sari bikaina irabaz dezakezu: bi lagunentzako otordua eta arraun taldearen elastikoa. Animatu eta parte hartu!

EGUTEGIA
ETZI, LARUNBATA Pasaia
UZTAILAK 19, IGANDEA Getaria
UZTAILAK 25, LARUNBATA Getaria
UZTAILAK 26, IGANDEA Pasaia
ABUZTUAK 8, LARUNBATA KAE: Getaria / ETE: Getxo
ABUZTUAK 9, IGANDEA KAE: Getxo / ETE: Getaria
ABUZTUAK 15 ETA 16 Santander (Kantabria)
ABUZTUAK 22 ETA 23 Getxo
ABUZTUAK 29 ETA 30 Castro Urdiales (Kantabria)

*ETE, KAE1 eta KAE2 ligak egun eta herri edo hiri berean jokatuko dira beti, abuztuko bigarren asteburuan izan ezik.