“Kristorengan benetan sinetsiz gero, apaizgora sartzeak zentzua izan dezake; bestela, astakeria hutsa da”

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 6a, 09:07

Ordiziarra, Juan Pablo Aroztegi Esnaola (Ordizia, 1983) 2018ko abuztutik da Zumaiako parrokoa. Ingeniaritza industrialeko ikasketak egindakoa, eta start up  (Enpresa hasiberria baina bizkor handitzen ari dena) bateko langilea izandakoa, 25 urte zituela bizitzaren zentzuaren inguruko galderak egiten hasi zen. Galdera horiek apaiz egitera eraman zuten. Bide horren, apaizgoaren eta Elizaren inguruan hitz egin du Baleikerekin.

Alarma egoera dela eta, bi hilabetez ezin izan dira egin jendaurreko mezak San Pedro parrokian. Denbora honetan, Arritokietan emandako mezak partekatu ditu Aroztegik YouTube bidez. Ermita horretan bertan egin diogu elkarrizketa. Ermitako zer eserlekuetan eser daitekeen eta non ez erakusten duten seinaleak jarri dituzte bankuetan.

Zenbatetan entzun duzu gaztea zarela apaiz izateko?

Bai, askotan. Hemen, Gipuzkoan, gazteena naiz. Apaizen batez besteko adina zaharragoa da, eta jendea asko harritzen da zenbat urte ditudan jakiten duenean. Noiz edo noiz gertatu izan zait, beilatokira joan eta jendea harrituta uztea apaiza naizela esaten dudanean. 

Apaiz bezala etorri aurretik, bazenuen harremana Zumaiarekin?

Ez. Nire aitonaren arreba bat Otezuri egoitzan egon zen, eta behin bisitan etorri nintzen. Horretaz aparte, ez nuen ezer ezagutzen Zumaian. Goierritarrok Donostiara joateko joera dugu normalean. Ni apaiz egin baino hamar egun lehenago hil zen Mikel [Biain, aurreko Zumaiako parrokoa], eta horregatik proposatu zidan gotzainak nik betetzea haren tokia. Ni edozertarako prest nengoen, modu misteriotsuan hau gertatu zen, eta pozik onartu nuen eskaintza. 

Apaiza zara, baina oker ez banago Ingeniaritza ikasi zenuen aurretik…

Bai, Ingeniaritza Industriala. Gaztetan –orain ere bai– asko gustatzen zitzaidan Teknika, Fisika eta Informatika; mundu horrek erakartzen ninduen, eta ez gehiegi letren munduak. Beraz, Ingeniaritza ikasi nuen. Software irekiko enpresa batean hasi nintzen lanean, eta une batean aldatzen hasi nintzen. Galderak egin nizkion neure buruari, eta prozesu luze bati ekin nion; bide horretan, Filosofiako liburuak irakurri nituen, eta bizitzaren zentzuaz hausnartu nuen. Filosofiarekiko grina horrek ekarri ninduen hona urte askoren ondoren. 22 urte ingururekin hasi nintzen lanean enpresa hartan, eta 25 urterekin hasi nintzen benetan zalantzan jartzen gauzak.

Denok izan ditzakegu zalantza horiek, baina hortik apaiz egitera pauso handia dago.

Bi gauza ezberdin dira apaizgoa eta bizitzaren zentzua. Nik argia bilatu nahi nuen. Batzuetan gurpil baten barruan gaudela iruditu zait: ikasi, lan egin… Ni ohartu nintzen sekula ez nizkiola neure buruari galdera garrantzitsu batzuk egin: zertarako nago hemen? Zertarako irabazi dirua? Horren guztiaren zentzua aurkitu nahi nuen. Txikitatik izan naiz fededuna, batzuetan fede hori mantendu ez dudan arren. Kulturalki, Euskal Herria kristaua izan da, nire familia ere kristaua da, eta nik fedea jaso dut umetatik, baina neure buruari ere galdetu diot ea benetan sinesten dudan. Jesukristoren piztueran sinesten dut? Nik ulertu nuen fedea banuela, baina aldatzen joaten zela. Bizitzaren zentzua bilatu nahi nuen, ez dakit zer, ezta nola ere; baina bilatzeko nahia nuen.

Ni txikia nintzenean ere ez zen oso modakoa kristaua izatea edo mezetara joatea, baina kristautasuna normal eta konplexurik gabe bizitzeko erabakia hartu nuen, hala sinesten nuelako

Askotan, eta ez zaigu onartzea gustatzen, erabaki batzuk hartzen ditugu besteek zer esango duten beldurrez. Ni txikia nintzenean ere ez zen oso modakoa kristaua izatea edo mezetara joatea, baina kristautasuna normal eta konplexurik gabe bizitzeko erabakia hartu nuen, hala sinesten nuelako. Erabaki garrantzitsua izan zen niretzat.

Teknika eta ordenagailuen mundua nire pasioa ziren, baina denbora pasa moduan ikusten nituen gehiago; entretenimendu eder bat bezala. Intuizio edo ezinegon bat sentitzen nuen nire baitan, nire eginkizuna bizitzan beste bat zela esaten zidan. Nolabait Jaungoikoak barruan sentitzen dugunarekin hitz egiten digula. Egonezin hori ez nekien azaltzen, ez nekien zein zen nire bidea bizitzan; errazagoa da jakitea zein ez den zure bidea. Zerbait falta zitzaidala sentitzen nuen, artean hori zer zen ez nekien arren, baina bilaketari ekin nion. Lanean nenbilen enpresa oso gaztea zen; langileen adinaren batez bestekoa 30 urtetik beherakoa zen. Lagunekin bizi nintzen pisu batean, eta asko hitz egiten genuen elkarrekin. Lagun haiekin izandako elkarrizketek –sinestunak batzuk– asko lagundu naute. Bilaketa bat hasi nuen, beraz, eta Jaungoikoari argia eskatzen nion: familia bat sortzera deitua izango naiz? Edo apaizgora? Misioetara? Gauza bakarra nuen argi une hartan: ez zitzaidala axola zein zen nire eginkizuna, baina aurkitzen nuenean, konplexurik gabe jarraituko nuela. Ez nuen erabakirik hartuko besteek zer pentsatuko zuten beldurrez. Existentzialki, bidaia zaila izan da. 

Erabaki horren ondorioz aurretik zenuen bizitzarekin moztu beharko zenuen.

Bi alde daude: batetik, jarraipen bat dago bilaketan, baina egia da beste alde batetik txipa aldatu zidala. Segurtasuna behar duen pertsona naiz, eta pauso bat emateko ziur egon behar dut. Jaungoikoari ere segurtasuna eskatzen nion otoitzean, nire bidea ezagutarazteko. Asko irakurri nuen garai hartan, filosofia batez ere. Gainera, sinestunak ez ziren filosofoak bilatzen nituen. Gehien lagundu zidan idazlea Mortimer Adler izan zen; bere bizitza ia osoan agnostikoa izan zen filosofoa, eta bere liburuek lagundu zidaten gehien. Bestalde, asko kostatu zitzaidan sinestunen gazte talde bat aurkitzea; Ordizian ez daude asko, baina Donostiako gazte pastoraltzako gazte sinestunak ezagutzeak asko lagundu ninduen, egunerokoa fedearekin bizi nuelako.

Apaiz baten laguntza aurkitzea ere zaila izan zen. Norbait fidagarria, niretzat onena nahiko zuen norbait bilatzen saiatu nintzen. Eta ez zen erraza izan une hartan, baina aurkitu nuen. Faktore esanguratsuena otoitza izan zen niretzat. Otoitzaren une batean, dudarik gabe sentitu nuen nire barnean apaizgora nengoela deitua. Kristoren lekuko bezala apaiz moduan izateko; modu apalean, jendea laguntzeko. Askotan itzultzen naiz une hartara, ezkonduek hasierako garaietara atzera egiten duten bezala. 

Nola hartu zuen apaiz egitearen erabakia zure inguruneak?

Denetarik egon zen. Familian ez zuten espero, baina ondo hartu zuten, fededunak direlako. Lagunek, berriz, zoratuta nengoela esan zidaten, eta nire bizitza pikutara botatzen ari nintzela ere bai. Nire lagunik onenak esan zidan hori, eta bera sinestuna ez den arren, azalpenak eman ondoren adostasun batera iritsi ginen. Kristorengan benetan sinetsiz gero, eta denok anai-arrebak garela barneratuta izanez gero, apaizgora sartzeak zentzua izan dezake; bestela, astakeria hutsa da. 

Apaiz batek on asko egin dezake, edo kalte asko ere bai okerreko pertsona bada

Hori barneratuta, zein izan zen hurrengo pausoa?

Intuizioa sentitu nuenetik, apaiz izaterako bidea luzea izan da, zazpi urtekoa. Bide horretan, gainera, ikusi behar da benetan hori den zure deia. Ikasketak egin nituen: bi urte Filosofia eta bost Teologia. Aldi berean, parrokietan ibili nintzen, gertutik ezagutzeko ogibidea. Apaiz batentzat, bestalde, oso garrantzitsua da jendearekin egoten jakitea. Beste alde batetik, Eliza dago, edo Elizak zu gidatzeko jarri dituen pertsonak. Bi urte egon naiz Nafarroan eta bost Erroman. Hasieran hogei ginen, eta zortzik amaitu dugu apaiz izaten; hamabi gelditu dira bidean: batzuk ezkondu egin dira, beste batzuek utzi egin dute beste dei bat sentitu dutelako… Egoera horretan, hobeto da uztea, ez delako zoriontsu izango apaiz izaten. Edozer egiteko pasioa behar dela uste dut. Apaiz batek on asko egin dezake, edo kalte asko ere bai okerreko pertsona bada.  

2018ko abuztuan eman zenuen lehen meza, Oikian, San Bartolome elizan. Gogoan al duzu egun hori?

Uztailean bi urte izango dira apaiz egin nintzela, eta abuztuan Zumaiara etorri nintzen. Lehenengo mezaren aurretik galdera guztiak etortzen dira: hau nahi al dut? Apaiz izan aurretik hilabete bat egon nintzen gogo jardunak egiten, eta bide honetatik jarraitu nahi nuela erabaki nuen. Emozioz gogoratzen dut nire lehen eguna, izendapena. Ni beti izan nintzen deitua honetara, egoera honetan Gipuzkoan apaiz izateko, zehazki.

Inork ez zuen esperoko azken hilabeteotako egoera. Nola eragin du COVID-19ak zure jardunean?

Apaizgoa zerbitzu bat da, eta kristauen zerbitzura nago hemen. Garrantzitsua da meza, sakramentua, eta jendeari espiritualki laguntzea egunerokoan. Bizitza konplikatua da, askotan geuk konplikatzen dugun arren; orduan, jendeari bide horretan laguntzen saiatzea da nire helburua. Ni ez naiz Superman, baina saiatzen naiz laguntzen. Bestalde, ez dugu katekesirik izan garai honetan, baina adi mantendu da alderdi hori. Mezekin jarraitu dugu, streaming bidez, adibidez. Uste dut egoera honek alderdi desberdinak azaldu dituela. Caritasera, adibidez, jende gehiago etortzen da orain. Niri pertsonalki, asko harritu nau Caritasek Zumaian egiten duen lanak; hunkitu egin nau nola lagundu duen jendea oinarrizko lehengaiekin. Zumaian jende batek ez du jatekorik, eta horrelako pertsonak lagundu ahal izatea pribilegioa da. Espiritualki laguntzeaz gain, horrela ere lagundu behar dugu. Plater bat behar dugulako, baina lagun bat ere bai. 

Denbora honetan jendea hil da, baina ez da hiletarik izan, eta ehorzketetan jende gutxi batek besterik ezin zuen egon. Une gogorrak izango ziren.

Izatez, heriotza bat gogorra bada, are gehiago agurtzeko aukerarik ez badago. Azken uneetan haien gertu egon ezin izatea proba handia da, eta bizi egin beharko da sentitzen dena ulertzeko. Orain, hasi gara berriro hiletak egiten, muga batzuekin betiere. Parrokiara normaltasunez itzultzean, egoera honetan hiletarik izan ez dutenen elizkizunak berreskuratuko ditugu, noski. 

Mezetara jende heldua joaten da gehienbat. Zer egin daiteke kristautasuna gazteei hurbiltzeko?

Azken urteek zerbait irakatsi digute: zenbakiak erlatibizatzea. Garai batean guztiak kristauak omen ziren, baina ez dakit hori guztiz egia den. Jaungoikoarentzako garrantzitsuagoa da kalitatea kantitatea baino. Hobe hamabi kristau, hamabi apostolu fededun, apal eta benetakoak, erdipurdiko asko baino.

Esan ohi da Eliza ez doala gizartearen abiadura berean. Gizarteak aurrera egin duela, eta Eliza atzean geratu dela, zaharkitua edo. Zuk zer uste duzu?

Nik badakit mundua zenbait gaietan haserre dagoela Elizarekin, eta onartzen dut behin baino gehiagotan arrazoiak badituela. Elizarentzat kristau guztiek osatzen dute kristau elkartea. Jendea Elizarekin eskandalizatzen da benetan kristauak ez garenean. Elizaren barkua Jaungoikoak gidatzen du, eta ez du gure askatasuna saihesten; baina guk hor izorratzen dugunean eta Jesusi leialak ez garenean, jendea haserretu egiten da Elizarekin. 

Nik badakit mundua zenbait gaietan haserre dagoela Elizarekin, eta onartzen dut behin baino gehiagotan arrazoiak badituela

Pederastia kasuak izan dira azken urteotan, eta gay eta lesbianen eskubideak urratzea ere egotzi zaio Elizari, besteak beste. Horrek, zuk esan bezala, haserreak sortu ditu. Egoera hori nola bizi duzu?

Nik uste dut gai hauetan entzutea tokatzen zaigula, eta errespetuz tratatzea pertsona guztiak. Hori da nik ere besteengatik espero dudana. Ni ez naiz inoren epaile, Jesus da epaile bakarra; Bere helburua denok berarengan bat izatea da, hain zuzen; batasuna, alegia. Distantzia motzetan sinesten dut; hor bakoitzak askatasunez hitz egiten du, eta batak besteari errespetuz entzuten dio. Nire lagunen artean, adibidez, denetarik dago: lagun homosexualak ditut, eta sinestun ez direnak ere bai; eta lagun izaten jarraitzen dugu, lagunen artean errespetua eta estimua behar delako. Nire lagun batekin, adibidez, ez dut bat egiten gauza askotan, baina hori ere aberasgarria dela uste dut. Laguntasuna homogeneoa bada, ez da hain aberasgarria. Distantzia motz horretan sinesten dut.

Politizatua egotea ere egotzi izan zaio Elizari.

Ebanjelioa guztientzat da, eta ideologia guztien gainetik egon beharko luke. Badakit eztabaida handia dagoela gotzaiarekin. Nire kasuan, egia esan, ez zaizkit gehiegi axola eztabaida horiek. Zumaian, adibidez, apaiz asko egon dira nire aurretik, eta beste batzuk izango dira nire ondoren. Gure gotzaiaren aurretik ere egon ziren batzuk, eta izango dira beste batzuk ondoren ere. Bitarte horretan, jendeak Jesusen beharra izaten jarraitzen du, bizitzak aurrera darraielako, eta horrek arduratzen nau. Horregatik, gutxi sartzen naiz horrelako eztabaidetan. Gauza horien guztien gainetik egon behar dugula iruditzen zait. Momentu honetan, orain dagoen gotzainaren leialki elkar lan egiten saiatu beharra daukat, eta berdin bihar beste bat etorriko denean.

Beste eztabaida bat da emakumeek Elizan izan dezaketen paperarena. 

Nire apaiz formakuntzan irakasle onenetarikoak emakumeak izan dira. Nik uste dut gizartean eta Elizan emakumearen papera deskubritzeko dagoela. Ez inorekin alderatuz, bere balio propioa deskubrituz baizik. Nik ez dut uste Eliza Katolikoaren soluzioa apaizetan dagoenik; emakumeak apaiz izan edo ez. Ez nago arduratuta apaiz asko edo gutxi dagoen, ez dagoelako hor Elizaren soluzioa, kristauetan baizik, eta kristauak gizonak eta emakumeak dira. Eta bai, ados nago emakumearen genio propioa ezagutzeko dagoela, bai Elizan, baita gizartean ere.

Nik uste dut gizartean eta Elizan emakumearen papera deskubritzeko dagoela. Ez inorekin alderatuz, bere balio propioa deskubrituz baizik

Gizarte hiperteknologiko batean bizi gara, sekulako abiadan doa dena. Erlijioak, fedeak, espiritualtasunak ba al du lekurik mundu horretan?
Bai, dudarik gabe, barrutik horrela eginda gaudelako. Denok, lehenago edo geroago, galdera batzuk egiten dizkiogu geure buruari. Ingurura begiratzea besterik ez dago. COVID-19aren kontu honekin erabakiak hartzeko unea heldu da, gelditu egin garelako. Askok esan didate beraien buruari galdetu diotela ea zer den benetan garrantzitsua. Ezbehar honetan, aukera ona ikusten dut erabakiak hartzeko. Zer izango da betiko eta zer ez? Ez dut uste orain arte egiten genituen gauzetara modu berdinean itzuli behar dugunik; gauzak egiteko bide berriak zabaldu dira. Gizatasun asko erakutsi da garai honetan, adibidez. Orduan, aukera ona da geure buruari galdetzeko zein jokabide izan nahi dugun aurrerantzean, eta nora joan nahi dugun.