Juan Pablo Aroztegik Zumaiako parrokia utziko du

Baleike 2020ko uzt. 6a, 08:47

Juan Pablo Aroztegik Zumaiako parroko izateari utziko dio, eta Donostiako seminarioko erretore bihurtuko da. Hala iragarri zuen atzo San Pedro parrokian egindako meza nagusian. Pedro Laskurainek hartuko du bere lekukoa Zumaian. 

Sorpresa izan zuten atzo parrokian emandako meza nagusira hurreratu ziren fededunek. Juan Pablo Aroztegi parrokoak Zumaia utzi eta Donostiako seminarioko erretore izatera pasako dela iragarri zuen. Auto istripu batean zendu zen Mikel Biain apaizaren ordez etorri den Aroztegi Zumaiara orain bi urte. "Orain, bi urteren ondoren, beste zerbitzu batera deitua izan naiz, Donostiako seminarioko erretore bezala. Pozik nengoen zuekin Zumaian. Eta onartu behar dut oraindik ere sendotu beharra nuela. Baina, nirekin zerikusirik ez duen arrazoiengatik, pisu handi bat jarri didate bizkar gainean. Eta nik, obedientziarekin, onartu egin dut", azaldu zuen apaizak atzoko mezan. 

Bere ordezkoa Pedro Laskurain izango da. Soraluzen jaioa orain 50 urte, apaiza da 2000. urtetik, eta azken bederatzi urteotan Zumarragako parrokoa izan da. Pertsona "umil eta langile" bezala jotzen du Aroztegik Laskurain. Azken hau Zumaiara noiz etorriko den oraindik ez dago erabakita. "Baina abuztuaren amaieran, irailean edo urriaren hasieran izango da. Bitartean, zuen zerbitzuan nauzue, edozer gauzatarako", gaineratu zuen. 

Parroko berriarekin batera koadjutore bat ere etorriko dela azaldu zuen. "Ordenatu berria den Yon Cuadrado azpeitiarra izango da. Konfinamenduan egin genituen Arritokietako mezak jarraitu bazenituzten ezagutuko duzue Yon, aste batzuetan diakono bezala izan genuen lagun Andre Mariko ermitan. Yonek 32 urte ditu eta Zumaian koadjutore izateaz gain Zestoako parrokoa izango da. Pedro eta Yon Zumaian biziko dira", iragarri zuen Aroztegik.