EH Bilduren aldeko botoa "harrotasunez" bozkatzeko eskatu du koalizioak gaur Zumaian

Baleike 2020ko uzt. 5a, 14:59

Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren barruan ekitaldia egin du EH Bildu koalizioak Iñaki Ostolaza alkatearekin eta Oihana Etxebarrietarekin eta Eraitz Saez de Egilaz zerrendakideekin.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du EH Bilduk Zumaian. Ekitaldi horretan hartu dute parte Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Oihana Etxebarrieta eta Eraitz Saez de Egilaz zerrendakideek. COVID-19 gaitzak eragin duen salbuespen egoerak eskatutako segurtasun neurriak kontuan hartuta, dozenaka herritar bertaratu da koalizioaren ordezkarien proposamenak eta hitzak entzutera.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak hartu du hitza lehendabizi. Ostolazak gogoan izan ditu koronabirusaren ondorioz zendu direnak, eta Udalaren laguntzarekin batera krisialdian abiatutako ekimenak aipatu ditu, horien artean, maskarak josteko sarea, maker sarea eta erosketa zerbitzua. Udalak enpresa txikiei, ostalariei eta komertzioei emandako dirulaguntzak ere aipatu ditu alkateak, eta esan du herritarrak erdigunean jartzen dituztela eguneroko erabakietan. Boluntarioei eta egoitzetako, udaleko eta osasungintzako langileei eskerrak eman nahi izan dizkie. Ostolazak aurkeztu ditu ekitaldian parte hartu duten EH Bilduren bi zerrendakideak, Oihana Etxebarrieta eta Eraitz Saez de Egilaz.

Etxebarrietak hautagaien ETBren debatean Iñigo Urkulluk aipatutakoak ekarri ditu bere hitzartzean, eta gogorarazi nahi izan du EAJk programan zehaztutako kontu horien alde ez dutela ezer egin azken urteetan Eusko Legebiltzarrean. "Herria osatzen" duten askotariko herritarrak izan ditu hizketagai Etxebarrietak: etxez etxeko langileak, mugimendu feministako kideak, presoen senideak... EH Bilduren politika publikoen erdigunean horiek guztiak daudela nabarmendu du: "Hori da gure lana eta hori da gure konpromisoa". EH Bilduren aldeko botoa "harrotasunez" bozkatzera joateko eskakizuna egin die ekitaldira gerturatu direnei. "Zerrenda hau zuek zarete, zerrenda hau gu gara", amaitu du. 

Saez de Egilazek, bere aldetik, gazteen izenean hitz egin du: "Orain arte gure bizitzen gain erabaki dutenek prekarietatera kondenatu gaituzte. Krisi sakon betean gaude, baina lehendik ere bageunden, eta uste dugu gazteok ordaindu beharko ditugula krisi honen ondorioak".  Gazteek "egunero zeharkatzen dituzten arazoak" aipatu nahi izan ditu Saez de Egilazek, besteak beste, emantzipazioa, lana eta ikasketak. Amaitzeko, zerrendakideak esan du argi duela feminismotik jarduten ez duenak herritar guztien kontra jarduten duela, eta nabarmendu du koalizioa dela Ajuria Eneara lehen emakume feminista eramateko gaitasuna duen alderdi bakarra.