Pala egokituko taldea sortu dute Zumaian

Baleike 2020ko uzt. 3a, 14:20
Eneko Sagarmendi eta Leire Esnal, 2016an, Gipuzkoako VI. Pala Txapelketa irabazi ondoren.

Urola Kostako zazpi kirolari elkartuko ditu Zumaiako pala egokituko taldeak. Leire Esnal zumaiarrari bururatu zitzaion konfinamenduan taldea sortzearen ideia, eta ia prest du guztia taldea martxan jartzeko. 

Pala egokituko taldea sortzeko lanetan dabil Leire Esnal zumaiarra. Errenterian entrenatzen du orain, eta kotxea edo garraio publikoa erabiltzera behartuta ikusi izan du sarri bere burua. Hala, taldea herrian bertan sortu zitekeela bururatu zitzaion Esnali konfinamenduan: “Xabier Olaziregirekin eta Egoitz Arrivasekin gogoratu nintzen. Pentsatu nuen haiek ere animatuko zirela”. 

Burutazio horri tiraka hasi zen Esnal taldea sortzeko beharrezko lanak egiten. Jurgi Olasagasti Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko teknikoarekin hitz egin zuen orduan. “Ideia ona izan nuela esan zidan hark, eta itxialdia amaitzean hitz egingo genuela zin egin zidan”, azaldu du kirolariak. Zumaiko Pilota Elkarteko presidente Iñaki Ostolazarekin ere hitz egin du taldea sortzearen aukeraz.

Jada taldearen partaide izango direnen zerrenda osatu du Esnalek. Urola Kostako zazpi kirolari batuko ditu Zumaiako taldeak: Ivan Amas (Zumaia), Jurdan Arakistain (Zestoa), Xabier Olaziregi (Zumaia), Egoitz Arrivas (Zumaia), Iker Ramirez (Zarautz), Unai Odriozola (Zarautz) eta Leire Esnal (Zumaia) bera. Entrenatzen, berriz, Ander Manterola arituko da.

Ibilbide oparoa kiroletan
Bospasei urte zituela hasi zen Esnal kirola egiten, eta ibilbide oparoa egin du ordutik hainbat kiroletan. Esku pilotan, futbolean nahiz palan aritu da urteotan guztiotan, eta domina ugari irabazi ditu. 

Egokitutako multikirola egin zuen Zarautzen 2015etik aurrera. Hainbat txapelketa jokatzeko aukera eman zion: Gipuzkoakoa, mastercup egokitua, topaketak... Pala egokituko taldea osatu zen ondoren Zarautzen bertan, eta han ere aritu zen. Eneko Sagarmendirekin batera, Gipuzkoako pala txapelketa irabazi zuen Esnalek, baita Euskadikoa ere. Horrez gain, Real Genuine taldean jokatzen du 2018az geroztik.