Torreagako proiektuko prozedura azaldu du udalak

Baleike 2020ko uzt. 3a, 07:52

250 etxebizitza egingo dira Torreaga fundizioak utzitako eremuan. Proiektua gauzatzeko beharrezkoa izango da arau subsidiarioak aldatzea.

Torreaga fundizio zaharrak Estazioko auzunean utzi zuen lurzoruan egingo duten etxebizitza sustapenaren, eta hura gauzatzeko egin beharreko arau aldaketen berri emateko bilerak egin zituen udalak atzo udaletxeko batzar aretoan. Lehen saioa gazteleraz egin zuten, eta bigarrena euskaraz. Bietan ere herritar ugari bildu zen, eta segurtasun neurriak bete behar izan zituzten une oro.

Torreagaberri izeneko hirigintza proiektuan 250 etxebizitza egitea aurreikusi dute, Estazioko auzuneko eraikinen eta Urola ibaiaren artean. Etxebizitza horietatik %20 babes ofizialekoak izango dira, eta beste hainbeste tasatuak. Horrez gain, 1.500 metro koadroko lokal bat egokituko dute, udalaren esku geratuko dena.

Etxebizitzak eraiki ahal izateko ezinbestekoa da eremu horretako arau subisidiarioak aldatzea, eta horren berri eman zuten atzoko bileretan. "Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) idazketa martxan daukagu, eta lanketak lau urte emango ditu. Martxoaren 16an aurkeztu behar genuen, baina koronabirusagatik ezin izan zen aurkezpen hori egin; uda ondoren egitea espero dugu. Bitartean, Torreagako eremuaren arau aldaketa bideratuko dugu. Arau aldaketa hau HAPOtik kanpo egingo da, arau zaharren aldaketa moduan, eta gero plan orokorrak hartuko du. Horrek baliatuko du etxebizitza hauek egitea. Bestela, HAPOa onartu arte — lau urte barru— ezingo zen bertan ezer egin", azaldu zuen Gorka Arregi udal arkitektoak.

Arau aldaketaren bidez Torreagako eremuak eta Puntanoetak duten lotura ere hautsiko da. Izan ere, aspalditik dator etxebizitza hauen sustapenaren historia. "2004ko arauetan jaso zen ingurune horretan garapen urbanistikoa egitea. 2.050 etxebizitza egitea aurreikusten zen orduan, eta garaiko legea kontuan hartuta, %20k babes ofizialekoak izan behar zuen", gogoratu zuen Arregik. Proiektu hori garatzeko sortu zuten Promociones Torreaga enpresa. Zumaia Lantzen elkarte publikoarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitza horiek Puntanoetan egitekoak ziren". Torreaga eta Puntanoeta artekolotura horrek Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso zuela dio arkitektoak.

Torreagarako plan berezia osatu zela azaldu zuen Arregik. "Urbanizazio proiektua ere egin zen, birpartzelazio proiektua ere onartu zen, nahiz eta ez zen erregistratu. Eraikuntza proiektua ere aurkeztu zen, baina, 2009ko krisia iritsi zen, eta etxeen sustatzaileak ezin izan zuen akordioa bete". Handik denbora batera, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen promotora hori. Torreagako eremua garatu gabe geratu zen, eta, Arregik gogoan duenez, bertako enpresa batzuk nahiko egoera prekarioan gelditu ziren.

2017an berrindartu egin zen Torreagako eremuan etxebizitzak egiteko ideia. Ordurako, lurzoruen zati handi bat Laboral Kutxaren esku geratu zen, eta haren sustatzaile den Isga Inmueblesen bidez jarri zuen berriro martxan Torreagako hitzarmen urbanistikoa, Sukia eraikuntza enpresarekin batera. "2017an udalarekin berriro harremanetan jarri ziren lursail hori garatzeko asmoarekin".

Hasiera hartako proiektua errotik aldatu dute. "Proiektu hark garatzeko zailtasunak zituen", zioen arkitektoak. "Arau aldaketa bat behar da eraikigarritasuna handitzen denean. Kasu honetan, proiektua aldatuta ere, eraikigarritasuna berdina da, ez da bolumena handituko. Baina hori egin beharra dago Puntanoeta eta Torreaga arteko lotura amaitzeko".

Behin arauak aldatuta, dokumentua udalbatzarrera eramango dute behin-behinekoz onartzeko. Gero, helegiteak aurkezteko epea irekiko dute. Etxeak noiz hasiko diren egiten ez zuen iragarri nahi izan Arregik, baina 2022. urtera arte zain egon beharko dela uste du.