Markina-Xemeinen hasiko da Hego Euskal Herriko udako zesta punta denboraldia

Baleike 2020ko uzt. 2a, 19:00

Bazirudien Ipar Euskal Herrian hasiko zela udako zesta punta denboraldia, baina bizkaitarrek hartu dute aurrea. Jai Alai Masters Series txapelketa jokatuko da uztailaren 10etik aurrera Markina-Xemeinen, eta bi zumaiarrek parte hartuko dute: Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek. 

Internationaux txapelketak jokatuko dira uztailaren 16tik aurrera Donibane Lohizunen. Beste txapelketarik ez zegoen iragarrita udako denboraldi honetan, baina Markina-Xemeinen sorpresa eman dute, eta maila handiko txapelketa iragarri dute uztailerako Gernika Jai Alai enpresak eta Markina-Xemeingo zesta punta eskolak. 

Bi finalerdiz eta finalaz osatuko da Bizkaiko herriko Masters Seriesa. Norgehiagokak hauek izango dira:

Lehen finalaurrekoa: uztailaren 10a, ostirala, 22:00etan.

  • Beaskoetxea-Lekerika vs. Erkiaga-Aldazabal.

Bigarren finalaurrekoa: uztailaren 16an, Karmengo eguna, 18:00etan.

  • Goikoetxea-Etxeto vs Hormaetxea-Lopez.

Finala uztailaren 19an jokatuko da, 18:00etan. Partida denak Markina-Xemeingo pilota unibertsitatean jokatuko dira.