Merkatariek euskarazko errotuluak jartzeko dirulaguntzak eska ditzakete dagoeneko

Baleike 2020ko uzt. 1a, 17:35

Kanpo errotuluak, toldoak edota erakusleihoetako itsasgarriak euskaraz jarri nahi dituzten merkatariak diruz lagunduko ditu Udalak. Kostuaren % 50a lagunduko da diruz, beti ere 300 euroko langa gainditu gabe.

Zumaiako Udalak diruz lagunduko ditu errotuluak euskaraz jarri nahi dituzten merkatariak. Jakinarazi dute era askotako euskarriak izan daitezkeela: kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako itsasgarriak… Kostuaren % 50a lagunduko da diruz, 300 euroko muga gainditu gabe.
 
Dirulaguntza jasotzeko, beharrezkoa  izango da establezimenduak helbide fiskala Zumaian izatea. Horrez gain, eskatzaileak betebeharrak eguneratuta eduki beharko ditu, eta euskaraz eta zuzen idatzi beharko da errotulua. Toldoak edo antzekoak dituztenen kasuan, Udalaren baimena ere frogatu beharko dute.
 
Nahitaezkoa izango da errotulua euskaraz bakarrik egotea, eta ez da laguntzarik emango izen berezia bakarrik agertzen denean, hau da, establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat-
 
Ondorengo dokumentuak aurkeztu beharko dituzte merkatariek: eskabidea beteta, euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren faktura ordaindu izanaren agiria –aurtengo faktura izan behar da–, jarritako errotuluaren argazkia, eta hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota, aurrez aurkeztu ez bada.
 
Xehetasunak, Euskara Zerbitzuan
Interesdunek Euskara Zerbitzuan eta Udalaren webguneko dirulaguntzen atalean izango dituzte eskura deialdiari buruzko xehetasun guztiak. Eskaera telematikoki egiteko aukera ere badago, Herritarren Atarian.

Euskara Zerbitzuak merkatari eta ostalariei bestelako laguntza batzuk ere eskaintzen dizkie horien artean, euskarazko kartelak egiten ditu –merkealdikoak, ordutegiak, ohar pertsonalizatuak– eta itzulpen laburrak egiten lagundu ere bai: menuak, zerrendak… Horretarako, nahikoa da 943-86 50 25 zenbakira deitzea (6 luzapena) edota mezu bat idaztea euskara@zumaia.eus helbidera.