“Guk hemen inguruan duguna milioika urteko historiaren ondorioa da”

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 1a, 19:15

Geodibertsitatea. Gure lurraldearen memoria ezkutua liburua atera du Asier Hilario (Tolosa, 1977) geologo eta Euskal Kostako Geoparkeko zuzendari zientifikoak. Geologiak gure ingurunean eta gizartean izan duen eragina jasotzen du argitalpen honetan.

“Tolosarra, Tolosan jaio, Tolosan ikasi. Gero, Bilbon ikasi nuen geologia, Cardiffen ere bai. Tesia Benasquen egin nuen, eta ondoren Suitzan egon nintzen pare bat urtez ikerketa egiten. Hor konturatu nintzen ikerketa ez zela nire bidea, eta hala Zumaiara etorri nintzen, 2005. urtean”. Bakarka ateratako hirugarren liburua du Geodibertsitatea. Gure lurraldearen memoria ezkutua. Formatu fisikoan eskuratu daiteke, edo pdf formatuan jaitsi euskadi.eus ataritik.

Nola sortzen da liburu hau?

Jaurlaritza orain hamar bat urte hasi zen geologia balorean jartzen. Lehenengo pausoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan interes geologiko zuten guneen inbentario bat egitea izan zen. Garrantzitsua izan zen,  aldarrikatzen zuelako –eta hori da liburu honen helburuetako bat–  geologia naturaren parte dela. Animaliak eta landareak naturaren parte direla dakigu guztiok, baina mineralak, fosilak, errekak eta hondartzak ere hala dira, beste haiek diren bezainbeste. Inbentario horretan parte hartzeko zortea izan nuen, eta geologia aldetik interesa zuten 150 leku detektatu ziren. Duela bi urte liburu hau egiteko enkargua jaso nuen. Baina, ez da bakarrik geologiari buruz; baita kontatzen du nola geologiak, paisaiaren atzean dagoen milioika urteko historia horrek, baldintzatu duen herri honetako ekologia, paisaia, kultura. Hori da, pixka bat, liburu honen helburua, ezagutaraztea guk hemen inguruan duguna ez dela kasualitatea, milioika urteko historiaren ondorioa dela.

Duela ehun milioi urte Euskal Herria koralezko arrezife erraldoi bat izan ez balitz, ez genituzke izango gaur egun ditugun mendiak; gure paisaia erabat desberdina izango zen, eta gure paisaia ulertzeko modua desberdina izango zen. Konkretuagoa izanda: kareharri horietan dago Bizkaiko ezkerraldean dauden mineral guztiak. Mineral horiek gabe Euskal Herriko historia ekonomikoa, soziala eta, inkluso, politikoa ez zen berdina izango.

Duela ehun milioi urte Euskal Herria koralezko arrezife erraldoi bat izan ez balitz, ez genituzke izango gaur egun ditugun mendiak

Zer publikori zuzendutako liburua da hau?

Liburuaren helburua geologian interesa duen publikora heltzea da, interesa izanda, geologian inongo formaziorik ez duena. Hasieratik garbi nuen liburu arina izan behar zuela, erakargarria, argazki askorekin. Mapak ere baditu, ulertzeko Euskal Herria nolakoa zen historian zehar. Geologia eta gizakiaren arteko harremana lantzeko eskuz egindako ilustrazioak ere badaramatza. Horren guztiaren arteko ekilibrioa lortzea izan da erronka nagusia. Hitz tekniko guztiak kanpoan utzi ditut, eta zailtasun nagusia izan da gauzak hitz gutxitan esatea. Ariketa polita izan da. Irakurlea, nolabait esanda, harritu nahi izan dut. Kasu askotan ezagutzen dituen paisaiekin gertatuko zaio hori, inoiz ez lukeelako pentsatuko paisaia horien atzean historia hori dagoela. Adibidez, jende gutxik jakingo du orain 100 milioi eta 80 milioi urte artean hemen sumendi mordoa zegoela. 400 milioi urteko historia kontatzen da liburu honetan.

Era kronologiko batean kontatu duzu historia hau.

Historia hori bost etapatan dago kontatua. 400 milioi urtetan gertatutako hain konplexua da, hainbeste gauza gertatu dira, erabaki nuela bost etapa nagusitan kontatzea, gauzak hobeto ulertzeko. Gero, etapa horien barruan, xehetasun gehiagorekin kontatzen dira gauzak. Denborari garrantzia handia ematen diot. Geologia ikasi nuen mendiak gustatzen zitzaizkidalako, baina gero geologian beste gauza bat aurkitu dut, eta da denboraren erlatibizazioa. Ulertzea guk ezagutzen dugun inguru hau Pangearen aurretik itsaso tropikala izan zela; edo Pangea sortu zenean Himalaiak baino garaiera handiagoa zuen mendikatea egon zela; edo mendikate hori higatu egin zela, eta Euskal Herria basamortu handi baten erdian egon zela; eta hori guztia urpean geratu zela, eta hor azpian flyscha sortu zela. Azkenean, guk hemen dugun paisaiak 5 milioi urte besterik ez ditu. Orain hamar milioi urte hau dena desberdina zen. Arabara joanda, adibidez, Añana inguruan, badaude ugaztunen arrastoak orain 40 milioi urtekoak. Garai hartan bazegoen Araban itsasotik ateratzen ari zen zerbait.

Adibidez, eta hau oso jende gutxik jakingo du, Aralar izan zen Euskal Herriko bailara glaziar bakarra, duela 40.000 urte. Tenperatura 5-10 gradu baxuagoa zen hemen, Artikoan izotz gehiago zegoen, itsas maila 100 bat metro beherago zegoen hemen, eta Aralarren bakarrik, ez Anboton edo beste nonbaiten, glaziar bat zegoen. Bost kilometro luze eta 80 metroko garaiera zuen glaziarra. Liburuan esplikatzen dira gure paisaia zizelkatu duten gertaera horiek.

Bukaeran, arriskuez ere hitz egiten da. Uraz hitz egiten da. Zergatik dugu hemen ura? Euria egiten duelako? Bai, baina baita mendiek, esponjen moduan, ura xurgatzen dutelako eta gero, poliki poliki, urtean zehar ur hori askatzen dutelako. Beste arroka mota bat izango bagenu, euria egingo luke, eta ura joan egingo litzateke. Arriskuetan, baita ere, luiziez edota lurrikarez ere hitz egiten dut, gaia bere osotasunean ulertzeko.

Adibidez, eta hau oso jende gutxik jakingo du, Aralar izan zen Euskal Herriko bailara glaziar bakarra, duela 40.000 urte

Geologia aldetik interesa duten guneen inbentarioa hartu duzu abiapuntutzat. Han jasotzen ziren gune guztiak sartu al dituzu?

Gune horiek Euskal Herriko geologia ulertzeko behar ditugun piezak dira. Baina guztiak ez dira erakargarriak erakusteko orduan. Hemen gutxi batzuk sartu ditugu, 150etik 30 inguru. Kapitulu bakoitzean azaltzen da une konkretu batean zer gertatu zen, zer arroka sortu ziren, zer paisaia mota eman digun, eta proposatzen da leku konkretu bat hori ikusteko. Normalean leku hori inbentarioaren barruan sartzen da.

Liburua egiterako orduan sorpresarik eraman al duzu?

Liburua egin aurretik leku hauek guztiak ezagutzen nituen, inbentarioa egin nuelako. Baina inbentarioaren aurretik ez nituen denak ezagutzen. Inbentarioa egitea sekulako esperientzia izan zen. Hor sorpresa handiak izan nituen, bereziki Araban. Araba gutako askorentzat ezezaguna da. Han leku harrigarriak aurkitu ditut. Adibidez, Toloñoko mendilerroaren inguruan leku bereziak daude, Urizaharra inguruan ere bai... Geologia aldetik Euskal Herrian dugun gauza berezienetakoa, flyschaz aparte, anbarra da. Duela 120 milioi urte baso handiak eta estuarioak zeuden hemen, eta baso horietako erretxinak intsektuak harrapatu zituen. Adibidez, munduko eulirik zaharrena Arabakoa da. Liburuan azaltzen da, baita ere, zergatik den Arabako Errioxako lurra hain ona mahastientzat, edo, eta hau oso jende gutxik jakingo du, 1980eko hamarkadan Araban interes handia egon zela petrolioa ateratzeko. 5.000 metroko zulo bat egin zen, zerbait aurkitu zuten, baina ekonomikoki ez zen bideragarria.

Naturarekin lotutako turismoak gero eta indar handiagoa du. Horretan pentsatu al duzu liburua egiterakoan?

Ez da izan helburu nagusia, baina bai da helburuetako bat. Badaude leku batzuk, azalpen batekin, beste balio bat irabazi ditzaketenak. Liburu honek, eta baita inbentarioak ere, hori guztia laburbiltzen du, eta bertako turismo agenteek erabili dezakete. Orain bertako lekuak ezagutzeko unea dela diote, eta liburua izan daiteke proposamen bat leku horiek beste begi batzuekin ikusteko.  

Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa zara, eta Zumaiako flyschean lan egin duzu. Hor jasotzen den guztia ezagutzen al dugu jada?

Zientifikoki edo geologikoki esan nuke ia dena, edo, behintzat, azpiegitura nagusia eginda dagoela. Hasiera batean ez da sorpresa berririk aterako. Baina, orain bai, dinosauroen desagertzearen inguruko teoria berriren bat ateratzen bada Munduko beste leku batean zerbait ikusi dutelako, horretan dabiltzan ikerlari guztiak hona etorriko dira berriro, hau delako leku klasikoetako bat. Gaur egun dugun teknologiarekin ez da askoz gehiago aterako, baina hemendik hogei urtera ez dakigu zer beste baliabide izango ditugun. Kontuan izanda garai konkretu baterako Zumaiakoa dela ‘libururik’ hoberena, teknologia berriak ateratzen diren heinean, edo ideia berriak garatzen diren heinean, arroka hauetan frogatu nahiko dituztela seguru nago.

Hori Zumaiari dagokionez, oso ikertua dagoelako. Baina badaude beste garai batzuk, zaharragoak, flysch beltzekoak, adibidez, gutxiago ikertu direnak. Azken urteotan ikerketa interesgarria egiten aritu gara Nautilus zentroan gordetzen diren amonite erraldoien inguruan. Metro erdiko diametroa duten ehundik gora amonite daude han. Baina zergatik dira garai hartakoak erraldoiak? Espezie berekoek, baina pixka bat berriagoek edota zaharragoek, tamaina normala dute, baina hauek erraldoiak dira. Zergatik garai eta leku konkretu horietan erraldoiak egiten dira? Azkeneko hiruzpalau urteetan egin dugun ikerketa baten ondorioz badakigu, ziur aski, leku horretan, Mutriku inguruan, fumarola beltz bat zegoela. Fumarola horrek ekosistema propioa sortzen du bere inguruan, eta animalia pila bat inguratzen da bertara, handik ateratzen diren elementuetatik elikatzen direlako. Deskubritu dugu amonite erraldoi horiek emeak direla. Ziur aski, erditzeko garaian, eme horiek fumaroletara gerturatzen ziren elikatzera eta handiagoak egiten ziren. Hori da gauza bat orain bost urte ez genekiena, orain hamar urte irudikatu ere ez genuen egiten.