Etxebizitzen inguruko asanblada sortzeko bilera egingo da ostiralean

Baleike 2020ko uzt. 1a, 11:30

Zumaian etxebizitza bat izatea da herriko gazteek pairatzen duten arazo larrienetako bat. Jakitun dira, gainera, azken krisialdi honek egoera oraindik eta gehiago zaildu dezakeela. Hori dela eta, orain aste batzuk galdetegi bat zabaldu zuten gazteen artean, eta ostiral honetan etxebizitzaren inguruko asanblada sortzeko bilera egingo dute, 19:00etan Torreberri gaztetxeko aterpean.

COVID-19ak sortuko duen krisialdiaren beldur, eta horrek herrian bizitzeko aukerak zailduko dituela jakitun, Zumaiako gazte talde batek galdetegia zabaldu zuen orain aste batzuk herriko etxebizitzaren egoera aztertu eta gazteek emantzipazioaren inguruan dituzten kezken edo zailtasunen berri jakiteko. Galdetegiaren arduradunek azaldu dutenez, herriko 150 gazte inguruk, "emantzipatutakoek eta emantzipatu gabeek", eman dute beraien esperientziaren berri. 

"Etxebizitzaren problematikaren inguruko lanketa" egitea beharrezkoa dela uste dute gazte hauek. "Hura indartzeko asmoz, ekainean zehar, hiru aste iraun dituen moskeo kanpaina bat eraman dugu aurrera. Aste bakoitzean zenbaki bat zabaldu dugu sare sozialetan eta herriko kaleetan, jendearen interesa pizteko asmoz".

Gazteek laburbildu dutenez, lan egiten duten zumaiar gazteen hilabeteko diru sarrerak 1.070 eurokoak dira batez beste. Alokairuaren prezioa, berriz, 750 eurokoa da hileko, gutxi gorabehera. Kopuru hauek aztertuta, gazteek ezinezkotzat jotzen dute emantzipatzea, "alokairuak soldataren erdia baino gehiago gastatzera behartzen gaituelako". 

Emantzipatzeko gorduan gazteek beste arazo batzuk ere badituztela ondorioztatu dute, hala nola, etxebizitza turistikoak edota etxe hutsak. "Oztopo horien aurrean badaude gizarte kapitalistak planteatzen duen etxebizitza eredutik haratagoko alternatibak, baita horiek lantzeko beharra eta aukera".

Gaia aztertzeko eta lantzen hasteko bilera batera deitu dituzte Zumaiako gazteak. Bilera hau ostiral honetan egingo da, uztailaren 3an, 19:00etan, Torreberri gaztetxeko aterpean.