Hezeguneak egokitzeko auzolan saioa izango da larunbatean

Baleike 2020ko eka. 30a, 17:25
Hezeguneak sortzeko saio bateko irudia, otsailean.

Ingurumenean mikrohezeguneek izan dezaketen garrantziaz jabetuta, urtero antolatu ohi ditu Aranzadik horiek sortu edo egokitzeko auzolanak. COVID-19aren ondorioz atzeratutako saioa larunbat honetan egingo da. 

Aranzadi Zientzia Elkarteak Zumaiako mikrohezeguneak egokitzeko auzolan saioa deitu du uztailaren 4rako, larunbata. Prebentzio neurriak aintzat hartuz, edukiera mugatua izango dute ekimenek, Aranzadik jakinarazi duenez. Izena emateko, idazkaritza@aranzadi.eus helbidera idatzi edo 943-46 61 42 telefono zenbakira deitu daiteke.

Aranzadik duela 20 urte baino gehiago egin zuen mikrohezeguneak berreskuratzeko apustua, ingurumenean duten garrantziaz jabetuta. Urteotan 300 mikrohezegune sortu edo egokitu ditu elkarteak, "biologikoki aberastasun handikoak diren mikrohabitatak" sortuz. Hala, Euskal Herriko hezegune sare zabal eta egonkorra egituratu dute urteotan guztiotan. "Putzuek, urmaelek, arekek… osatzen dute hezegune izeneko eremuen barruko dibertsitatea. Eta horiek dira gure inguruko aniztasun biologikoaren zati handi bat gordetzen duten ekosistemak. Baina, aberatsak ez ezik, ekosistema hauskorrak ere badira, eta askotan, tamaina handiko hezeguneak ez bezala, mikrohezeguneak ez dute babesik jasotzen", argitu du Aranzadik. 

Azaldu dute egokitzapenen atzean arrazoi desberdinak egon daitezkeela, hala nola, espezie mehatxatu bati laguntzea edota, oro har, biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzea.