'Ehiztari ehizatua' antzezlanarekin hasiko da uztaileko ostegunetako kultur ekitaldi sorta

Baleike 2020ko eka. 30a, 20:00
Txotxongiloak eta antzerkia uztartzen ditu Patata Tropikala konpainiak bere ikuskizunetan

Kultura izan da aurtengo San Pedro jaietako protagonista. Festak amaitu dira, baina kulturarekin lotutako ekitaldiek udan zehar jarraituko dute. Horren adibide da ostegunean Beheko plazan egingo den haurrentzako antzerkia. Uztaileko ostegunetan egingo diren ikuskizun eta ekitaldietatik lehena izango da hau.

Ehiztari ehizatua haurrentzako ikuskizuna aurkeztuko du Patata Tropikala konpainiak etzi plazan, 18:30etik aurrera. Euria egiten badu Zumaienako aretoan egingo da. Aurreko ikuskizunetan bezala, txotxongiloak eta antzerkia uztartuko du konpainiak, bertsoak, kritika eta umorea ahaztu gabe.

Antzerkia plazan egingo da, baina beharrezkoa izango da bertaratzeko gonbidapena eskuratzea. Doako gonbidapenak turismo bulegoan eskuratu daitezke bihartik aurrera. Pertsonako gehienez lau gonbidapen eskuratu ahal izango dira. Udaleko Kultura Sailak erabiliko diren gonbidapenak bakarrik hartzea eskatzen du.

Behin plazan osasun neurriak mantendu beharko dira: distantziak gorde beharko dira, eta haurrek ere maskara eraman beharko dute.

Saioak ostegunetan

Ostegunero egingo dira kulturarekin lotutako ekitaldiak Zumaian. Hala, datorren ostegunean, hilaren 9an, hondar eskultura tailerra egingo da Torreberri azpian, Zazpi egun geroago, uztailaren 16an, Elkarrekin ipuin bidean ipuin kontaketa saioa eskainiko dute Kantu Kontariko kideek Oxford aretoan. Uztailaren 23an, berriz, Zirkozaurre konpainiaren Vademecun  ikuskizuna izango da Aitzuri frontoian. Hileko azken ostegunean, ordea, Musika Jaialdia aurkeztuko dute Klarinete Maratoiko laukote lehiaketa irabazi zuen taldearekin. Torreberrin egingo da azken ekitaldi hau.