Lurrazpiko elektrizitate-linea berritzen ari dira Txomin Agirre kaian eta Erribera kalean

Baleike 2020ko eka. 30a, 12:56

Txomin Agirre kaiko 1 eta 3 atarien arteko, eta Erribera kaleko 1 eta 4 atarien arteko gunea hartzen duen lurrazpiko elektrizitate kableak berritzen hasi da Iberdrola aste honetan. Lan hauekin azken urteotan inguru horretan izan diren arazoak konpondu nahi ditu konpainia honek.

Izan ere, itsasgoran filtratzen den ur gaziaren ondorioz kable horietatik asko egoera txarrean daude, eta argindar horniduran arazoak sortu izan dira. Sarritan argia joan da gune horretan. Aste honetan hasitako lanen bidez lurrazpiko elektrizitate linea osoa aldatuko du Iberdrolak. 

Lanek hiru aste inguru iraungo dutela aurreikusi du enpresak, eta bitarte honetan behin-behineko linea bat jarriko dute, hornidura bermatzeko. Behin-behineko hornidura hurbileko kutxatila batetik egingo dute; kutxatila hori erdi irekita egongo da lanek irauten duten bitartean, eta hesiz inguratutako egongo da.