Sektore tradizionaleko erronkei erantzuteko, kultura eta sormen alorreko profesionalentzat prestakuntza eskainiko du UKUEk

Baleike 2020ko eka. 27a, 15:59

Proiektuaren abiapuntua elikadura alorreko enpresek identifikatutako erronkak izango dira eta horien irtenbideak aurkituko dituzte artista eta sortzaileek. Ikastaroan izena emateko azken eguna uztailaren 6a izango da.

Laugarren urtez jarraian, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko kultura eta sormen industrien sektorea suspertzeko egitasmoa jarriko du martxan. Hain zuzen ere, sektore tradizionaletako enpresa eta elkarteen erronkei erantzuteko, bi esku hartze gauzatuko dituzte, eta, prestakuntza eskainiko zaie aurrez interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei. 

Ekimenaren helburua da kultura eta sormen industrietaz gain beste sektoreetan ere eragitea. Proiektuaren abiapuntua elikadura alorreko enpresek identifikatutako erronkak izango dira eta horien irtenbideak aurkituko dituzte artista eta sortzaileek. Alegia, elikaduraren sektoreko enpresen erronkei erantzuna emateko, kultura eta sormen industrietako eragileekin lankidetzan jorratuko dira proiektuak. 

Prestakuntza

Erronkei erantzun aurretik, ordea, prestakuntza eskainiko zaie artista eta sortzaileei etorkizunean erakunde eta enpresetan esku-hartze ez artistikoak eraginkortasunez burutu ditzaten. Prestakuntzaren helburua da sortzaileei entrenamendua eskaintzea, beren lan aukerak zabaldu ditzaten ohiko lan-esparruetatik kanpo.

Prestakuntza bi ataletan banatu du UKUEk. Lehenik, uztailaren 8an, lau orduko saio dinamikoa egingo dute, aldaketarik ezean, Urola Kostako Udal Elkartean bertan, 9:00etatik 13:00etara. Prestakuntza teorikoa amaituta, eskualdeko bi sortzaile hautatuko dira - egitasmo bakoitzeko bana- eta beraien prestakuntzaren atal praktiko moduan egotzitako egitasmoaren esku-hartzean parte hartuko dute artista mentoreen eskutik. Guztira, 5 saio aurreikusten dira.

Ikastaroan izena emateko azken eguna uztailaren 6a izango da, eta parte hartu nahi duenak lotura honetan eman beharko du izena.