Haurrentzako film batekin zabalduko ditu berriz ateak Aita Mari zinema aretoak

Baleike 2020ko eka. 27a, 09:55

Sanpedroekin batera itzuliko da zinema Zumaiara. Izan ere, bihar, igandea, eta etzi, astelehena, Turuleka oiloa filmaren saio bana eskainiko dute Aita Marin. Aurreneko saioak izango dira martxoan alarma egoeragatik itxi zutenetik. Filma doan eskainiko dute, eta gonbidapenak jaso beharko dira emanaldien bezperan, Turismo Bulegoan.

Iritsi dira sanpedroak. Bereziak izango dira halabeharrez, normaltasun berriko arauak errespetatzeko, baina badago egitarau koskorra, eta badago zinema ere. Martxotik itxita izan ditu ateak Aita Mari aretoak, baina bihar umeentzat irekiko ditu, Turuleka oiloa filma eskaintzeko. Bihar eta etzi saio bana egongo da, izan ere. 17:00etan dira bi saioak.

Doakoa izango da sarrera, eta gonbidapenak Turismo Bulegoan jaso beharko dira emanaldien bezperetan. Alegia, gaur, eta bihar. Turismo Bulegoa zabalik egongo da egunero 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

Pertsona bakoitzak gehienez lau gonbidapen jaso ahalko ditu, eta derrigorrezkoa izango da maskara eramatea zinemara.