Torreagako hirigintza proposamena aurkeztuko dute uztailaren 2an

Baleike 2020ko eka. 26a, 17:30

Eremuaren antolamenduari buruzko bilera izango da, eta ez bertan eraikiko diren etxebizitzei buruzkoa, Udalak ohartarazi duenez. Saioetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Zumaiako Udalak datorren ostegunean, uztailaren 2an, egingo du Isga Inmuebles SA eta Construcciones Sukia Eraikuntzak SA enpresek sustatutako Torreaga eremuko hirigintza proposamena. Lehenbiziko saioa 17:00etatik 18:00etara egingo dute, gaztelaniaz, eta bigarrena, 18:30etik 19:30era, euskaraz. Udaletxeko pleno aretoan izango dira biak, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, 943 86 50 33 telefonora deituta edo helbide honetan. Teknikariek proposamena aurkeztuko dute, eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Torreagako hirigintza antolaketaren prozesua luzea izan da, Udalak jakinarazi duenez. Hasieran Torreagan kokatutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak Puntanuetara mugitu ziren, baina prozesu hori bertan behera gelditu zen. Gero, Torreagako eremura itzultzea erabaki zuen Udalak, 2018an. Arau Subsidiarioen aldaketa egitea tokatzen da orain, eta aldaketa horren proposamena da, hain zuzen ere, jendaurrean aurkeztuko dutena. 

Torreagako eremuan 249 etxebizitza –horietatik 52 Babes Ofizialekoak eta 52 etxebizitza tasatuak– eraikitzea aurreikusten du Udalak.

HAPOa idazteko lanak abian

HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra herria antolatzeko tresna nagusia da. Non, zer eta zenbat eraiki daitekeen arautzen du, eta behin betiko onespena jaso arte, hainbat fase dituen prozesu luze eta konplexua da. 

Martxoaren 16an zuen Udalak herritarrei informatzeko saioa, baina COVID-19ak sortutako larrialdi egoera dela eta, bertan behera geratu zen saioa. HAPO osatzeko galdetegia betetzeko eskatu zien Udalak herritarrei, eta parte hartzea itxi du dagoeneko. Dokumentuaren aurrerakina lantzen hasiko dira orain. Informazio saioa irailean egitea aurreikusi dute. Informazio guztia hapo-zumaia.eus helbidean dago ikusgai.