Amalgamak taldeak elkarretaratzea deitu du iganderako, sexu askapenaren egunerako

Sexu askapenaren eguna da ekainaren 28a, igandea. Horren harira, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Saregileen plazan, 'Ez ar, ez eme, ez hetero, ez ero' lelo hartuta. 

Goizean 12:30ean Donostian egingo den manifestaziora joateko deira ere batu da Amalgamak. Horretarako, 11:00etako trena hartzeko proposatu dute. 

Duela bi urte sortu zen Amalgamak taldea, eta Zumaia inguruko LGTB kolektiboko hainbat pertsona biltzen dira haren bueltan. Herri mailan sexualitatearen inguruan lanketa egitea da taldearen helburua. Sexu askapenaren eguna baliatu nahi izan dute interesa duenari taldera gonbidatzeko. 

Hona hemen sexu askapenaren egunaren harira Amalgamak taldeak zabaldutako irakurketa: 

"Ekainaren 28a, 1969. urtean New Yorkeko Stonewall tabernan gertatu zen istilua gogoratzeko eguna da. Egun hartan, poliziak, beste behin, sarekada bat antolatu zuen, baina bertan zeuden trans, bollera, puta, drag queen, arrazializatu eta marikek poliziaren aurka egin zuten, beraien eskubideak defendatuz, errepresioaz nazkatuta. Bestalde, aipatzekoa da 41 urte pasa direla Oreretan poliziak Francis izeneko trabestia erail zuenetik Euskal Herriko kolektibo transmarikabolloen haserrea eta borroka piztuz..

EZ AR, EZ EME, EZ HETERO, EZ ERO

Sexu-genero sistemak funtzionatzen ez duen bezala, sujetuak ez gara ez ar, ez eme. Sexua, generoa bezainbeste eraikitzen dugu eta generoa sexua bezain itogarria bilakatzen da. Gizon eta emakume ez dira kategoria kontrajarriak, erlatiboak baizik eta sujetu bakoitzak bere maskulinitate eta feminitateak nahastuta ditu barnean. Sexua bi klub zehatz izango balira ulertzea, sexu beraren aniztasuna ukatzea da eta sistema honek  muga horietatik kanpo geratzen diren sujetuak kanpoan uzten ditu.

Bizitzan zehar, gure sexua eraikiz joaten gara eta horrekin batera, desira batzuk sentitzen eta bizitzen ditugu. Nor, nola, noiz eta non desiratzeko askatasunak ere errepresio handia jasan izan du eta orain arte izandako historiak zama handia du gaur egungo errealitatean. Oraindik ere, lurralde askotan, transexualitatea eta homosexualitatea (eta horien baitan dauden beste edozein dibertsitate), legalki kondenatuak izan dira eta osasungintzatik patologizatuak.

Azken finean, normalitateak eraikitzen gaitu eta dibertsitateari erresistentzia handiak jartzen dizkiogu. Eta horren aurrean…

AMALGAMAK

Amalgamak duela bi urte sortu zen taldea da, Zumaialdeko LGTB kolektiboko hainbat pertsona elkartu eta herri mailan sexualitatearen inguruan lanketa egiteko helburuarekin. Kurtso honetan zehar inaktibo egon gara, baina hurrengo kurtsoari begira jarraitzeko asmoa daukagu eta egun hau aprobetxatu nahi dugu interesa duenari taldera gonbidatzeko.

Borrokak jarrai dezala".