Bihar hasiko dira sanpedroetako ekitaldietarako gonbidapenak banatzen

Baleike 2020ko eka. 25a, 14:28
Bandak bi kontzertu emango ditu asteburuan.

Larunbat honetan hasiko dira San Pedro jaiak Zumaian. COVID-19 gaitzak eragindako egoerak baldintzatutako festak izango dira, eta, gehienbat, Beheko plazan egingo diren kultur ekitaldiez osatuko da. Ekitaldi hauetara hurreratzeko nahitaezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. 

Ekitaldi hauek Beheko plazan egingo dira, baina espazio mugatu batean, aforu jakin batekin. Hori dela-eta, beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Gonbidapen hauek turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira ekitaldi bakoitzaren bezperan. Hala, larunbatean haur antzerkia dago, eta gonbidapenak ostiralean emango dira; igandeko joten kontzerturako eta Bandaren Big Band emanaldikoa larunbatean banatuko dira; eta asteleheneko Bandaren pasodobleetarakoak eta TikTararen kontzerturakoak igandean. 

Haur antzerkiaren kasuan lau gonbidapen hartu ahal izango dira gehienez, eta helduen saioetarako bi. Herritarrei arduratsuak izatea eskatzen du udalak, eta kontzertuetara joateko asmoa badute bakarrik hartzea gonbidapenak. 

Araudia

Osasun krisialdiak behartutako araudia prestatu du udalak. Ekitaldiak Beheko plazan egingo dira, baina espresuki prestatutako leku itxi batean. Lekuak mugatuak izango dira, ikuskizunak eserita jarraituko dira, maskarak jarrita, eta pertsonen arteko tarteak gordeta. Espazio horretan ezingo dire haurren kotxeak sartu. 

Ikusleei garaiz etortzea eskatzen zaie, jende pilaketarik gabe banan-banan esertzeko denbora beharko da eta. Sartzean ikusleei adieraziko zaie non eseri. Helduen emanaldietan banaka eseri beharko dute, eta eta haurrenetan lau pertsona elkarrekin gehienez. Uneoro nork bere tokian egon beharko du emanaldia amaitu arte.