Aitor Tena Eizagirre: “Egunez egun joan behar gara gizarte berri baten oinarriak sortzen”

Iparra Zumaiako gazte mugimenduak bere hirugarren urteurrena betetzen duen egun berean desagertzen da, gaur. Taldearen jardueraz aritu da Baleike Aitor Tena Eizagirre (Zumaia, 1999) taldekidearekin.

Hiru urte ondoren, gaur utziko du bere jarduera Iparra gazte mugimenduak. Komunikatu bat plazaratuko dute jarduera politiko eta sozial honen amaieraren berri emateko. Beraien asmoa ekitaldi baten bidez agurtzea izango litzateke, baina egoerak hala behartuta, ezingo dituzte gogoak bete. 

Gaur betetzen ditu Iparrak hiru urte, eta gaur bertan eman diozue amaiera bere ibilbideari.

Hilabete askotako eztabaidaren ondoren, ikusi genuen Iparrak sorreran zituen bi helburu nagusiak bete genituela. Bi helburu nagusi horiek izango lirateke, alde batetik, herri mailan gazteen politizaziorako esparru bat sortzea, hau da, militantzia eskola bat. Uste dugu helburu hori bete dugula, eta herrian militante belaunaldi berria dago. Beste alde batetik, Iparraren hasieran planteatu zen herri mailan klase elkartasuna gauzatuko zuen mekanismo bat sortzea, eta hiru urte hauetan zehar, gure limitazioak kontuan edukita, klase elkartasuneko espresio minimo batzuetan parte hartu dugu: Xeyko langileekin elkartasuna, Astillerokoekin, pentsiodunekin, etab. Bi helburu horiek bete ditugula ikusita, eta muga batekin topatu garela ikusita, erabaki dugu amaitutzat ematea.

Mugez hitz egiten duzu. Zer muga mota izango lirateke?

Iparra sortu zen orain hiru urte talde lokal gisa, eta bere ekintza esparrua Zumaiara mugatzen zen. Helburuak bete ditugu, baina aurrerapausoak emateko zailtasunak aurkitu ditugu. Gure helburua ez da inoiz izan Iparraren siglak betikotzea. Gure helburu nagusia klaserik gabeko gizartea sortzea da, zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabekoa, eta bide horretan Iparrak bere ekarpen xumea egin du. 

Ez duzue planteatu alderdi politiko bihurtzea?

Ez, ez. Ez dugu inoiz planteatu instituzioetara salto egitea, ez maila lokalean ez nazionalean. Guk ulertzen dugu instituzioak erremintak izan daitezkeela gure helburuak betetzeko. Baina ikusten dugu orain ez dela gure momentua. Bestalde, guk analisi asko egin ditugu instituzio burgesen mugak azaltzen, gaur egun instituzio hauetatik eraldaketa erreala egiteko dauden zailtasunen inguruan. Hala ere, nik inoiz ez dut baztertzen hauteskunde batzuetara aurkeztea, eta ez diot ukatzen bete ditzaketen funtzio konkretuak.

Zapalkuntza desagertzea planteatzen duzu. Ez al da pixka bat utopikoa?

Gure aurkezpeneko komunikatuan esaten genuen bezala, ez gara ameslariak, esnatzen ari direnak, baizik. Aipatzen dugunean klaserik gabeko gizartearen eraikuntza, oso utopiko bezala ikus daiteke, edo oso urrun dagoen zerbait. Baina, hala ere, urte hauetan burutu ditugun borrokek eta formakuntza saioek kontzientzia maila igotzea ahalbidetu digute, eta benetan sinesten dugu klaserik gabeko gizartearen eraikuntzan. Askok zioten posible zela 2020an krisi bat izatea, eta koronabirusak egin duena da krisia azkartzea. Guk aspalditik genion gizarte kapitalista krisian zegoela, eta ongizate estatua gainbehera garrantzitsua bizitzen ari zela. Badirudi datozen hilabeteak eta urteak gogorrak izango direla langileentzako, eta hauen eskubideetan atzerapausoak eman daitezkeela. Hala ere, guk ikusten dugu krisi testuinguru honetan langileen babeserako tresna eraginkorrak sortzen ari direla, eta izan ditzakegula klase elkartasuna saretzeko eta beste gizarte berri baten zimenduak eraikitzen hasteko aukerak.

Kapitalismoa krisian dagoela, gutxienez, 2008ko krisialdi handitik entzuten da. Baina ez da ordeztuko duen beste sistemarik ikusten.

Bloke sobietarra erori zenetik ez da ikusten, ez. Gu nahiko kritikoak izan gara bloke sobietarrarekin, baina esperantza txiki bat ikus zitekeen hor. Horren ondoren alternatibarik ez dagoen teoria nagusitu da. Kapitalismoari aurre egin diezaioken sistema eraginkorrik ez dagoen ideia nagusitu da, kapitalismoa dela txarren artean onena. Azkenean, guri dagokigu erakustea badagoela beste gizarte bat eraikitzeko aukera, egunero eraikitzen dena. Guk ez dugu uste boterea hartu eta berehala aldatuko direnik gauzak; guk ulertzen dugu egunez egun joan behar garela gizarte berri baten oinarriak eraikitzen, gure arteko zaintza kontziente bat eginez, langileen arteko babesa artikulatuz.

Gaur egungo alderdi politikoetan zuenak bezalako ideiak jasotzen dituenik ba al dago?

Gaur egun ez dugu identifikatzen langileriaren interesak defendatzen dituen alderdirik. Horrek ez du esan nahi ez dutenik hartzen langileen aldeko neurri konkreturik. Izan daiteke soldaten igoera, pentsioen igoera, edo alokairuen erregulazioa. Neurri hauek langileen berehalako baldintzak hobetzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi langileriaren eskubideak defendatzen dituztenik. Ez dugu ukatzen borondatea dutenik, baina gobernura heltzean ikusten da zer muga dituzten.

Ildo sozialistako taldeek talka egin dute ezker abertzalearekin...

Nabariak dira ezker abertzalearen eta ildo sozialista duten taldeen arteko talkak. Publikoak dira, eta azkenean maila nazionalean gauzatzen ari den enfrentamendua da. Guk, hemen, herri mailan izan ditugu talka desberdinak; izan ditugu tirabirak, eta zenbait kasutan ulertzen dugu harremana ez dela izan errespetuzkoak. Gure jarrera zintzoa izan da, eta haiek zenbait kasutan ez dute errespetuz jokatu gurekin.

Iparra desagertzera doa. Zer egin behar duzue orain?

Nahiz eta Iparrak bere ibilbidea bukatu, Iparra osatu duten kideek beraien jardun politikoa ez dute inolaz ere bukatutzat ematen. Momentu honetatik aurrera jarriko dira lanean inoiz baino gogo gehiagorekin, kontzientzia gehiagorekin, eta klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan jarraituko dute lanean. Hiru urte hauetan esperientzia baliagarriak lortu ditugu, eta gure gaitasun politikoak asko hazi dira. Gure betebeharra da hemendik aurrera ere borrokan jarraitzea

Erlazionatuak

Borrokaren hautua, batzen gaituen patua!

Erabiltzailearen aurpegia

Gaur, ekainak 24, Iparra gazte mugimenduaren fundazio egunaren hirugarren urteurrenean, antolakundeko militanteok honakoa adierazi nahi diegu Zumai...