“Geure zaborra da itsasoak bueltatzen diguna”

Gorka Zabaleta 2020ko eka. 28a, 09:00
Oihane Cabezas Basurko, Aztiko itsas ikertzailea

Joan den urtean zeresan handia eman zuen Sakonetako harraldean pilatutako zaborra salatzen duen bideo batek. Pikoteazpi aldean ere zabor asko pilatzen da harraldearen gainaldean. Eta zaborra biltzeko zenbait kanpaina egin dira azken urteotan (Algorrin, Inpernupen...), batzuk erakunde publikoek bultzatuta, beste batzuk zenbait elkarteren edota jendearen ekimenez. Itsasoak bueltan ekartzen digun zaborra da, Oihane Cabezas Basurko (Irun, 1980) Aztiko itsas ikertzaileak ederki azaldu digunez.

Bereziki euskal kostaldeko puntu beltza al da Zumaia eta Deba arteko harraldea, zaborrari dagokionez?

Zaborra toki guztietan dago. Zumaia eta Deba arteko tarte horretan gehiago ikusten duzue, garbitzeko leku zaila delako. Oso noizean behin egiten da bilketaren bat, baina gehiago da sinbolikoa garbiketa sistematikoa baino. Hondartzak, berriz, udan egunero garbitzen dira. Pentsa zenbat zabor biltzen den hondartzetan. Logikoa da garbiketarik ez dagoen tokietan zaborra pilatzea. Gainera, itsasaldi handiak gertatzen direnean, zaborra harraldearen goiko partean pilatzen da, labarraren kontra, normalean marea iristen ez den lekuan. Joan den urtean birala egin zen bideo hura, oker ez banago, marearen menpeko gune batean grabatu zen. Egun hartan ingurua plastikoz beteta zegoen bezala, again hurrengoan garbi agertuko zen, itsasoak zaborra bazter batetik bestera mugitzen duelako. Beraz, arazoa orokorra da, ez da leku jakin batekoa.

“Gure teoria da Bizkaiko Golkoan sortzen den zaborra Bizkaiko Golkoan gelditzen dela”

Zuek Kantauri itsasoan dagoen zaborraren dinamika aztertu duzue, bereziki Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean. Zer ondorio atera dituzue?

Ozeano Atlantikoaren iparraldean eta hegoaldean badaude zabor irla moduko batzuk, justu itsas korronteek bira egiten duten lekuetan. Baina gure kostaldean pilatzen den zaborrak zerikusi gutxi du horrekin. Gure teoria da Bizkaiko Golkoan sortzen den zaborra Bizkaiko Golkoan gelditzen dela. Geure zaborra da itsasoak bueltatzen diguna, ez dator urrutiko bazterretatik, ezin diogu errua beste norbaiti bota. Guk, esan nahi dut, Bizkaiko Golkoaren inguruan bizi garenok: galiziarrak, euskaldunak, frantsesak...

Eta alderik ikusi duzue Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldearen artean?

Ikusi dugu Lapurdiko uretan zabor gehiago dagoela Gipuzkoan baino. Eta hori ez da beraiek zabor gehiago sortzen dutelako, itsasoaren dinamikak eragiten du, batik bat. Itsas korronteek markatzen dute zaborra nondik nora dabilen.

“Zaborra pilatzen den eremuetako bat Zumaia eta Getaria artean aurkitu dugu”

Nola egiten dute lan itsas korronte horiek?

Neguan joera nagusia izaten da haizea eta itsas korronteak mendebaldetik ekialderantz etortzea, sarri indar handiarekin. Egia da neguan itsasoak zabor asko ekar dezakeela bat-batean, baina eramateko ere gaitasun handiagoa dauka; udan, berriz, haizea ahulago ibili ohi da, itsas korronteek zaborra garraiatzeko indar txikiago dute eta pilatu egiten da, zurrunbilo moduak sortuz. Aturri ibaiaren itsasoratzeak ere eragin handia du Lapurdin. Aturrik ur emari handia du, hesi moduko bat osatzen du, eta zaborra harrapatuta gelditzen da Aturritik hegoaldera. Ikusi dugu lauzpabost aldiz zabor gehiago dagoela Lapurdin Gipuzkoan baino.

Itsas korronteen dinamika horri helduta, gure kostaldearen parean dauden zabor multzo horiek aurkitu al dituzue?

Zaborra pilatzen den eremuetako bat Zumaia eta Getaria artean aurkitu du. Gipuzkoan beste bi puntu garrantzitsu lokalizatu ditugu: Jaizkibel inguruan eta Mutriku parean. Hiru horiek dira esanguratsuenak. Eremu horietan, batik bat, mikroplastikoak [bost milimetrotik beherako zatiak] pilatzen dira. Kostaldetik gertu topatu ditugu, bi miliatara. Berez urrunago ere badago zaborra, baina zenbat eta gehiago gerturatu kostaldera, orduan eta gehiago pilatzen da.

Baina ez dira ozeano erdian aurkitu diren zabor irlak, ezta?

Ez, errekasto moduko batzuk dira, zaborra biltzen eta garraiatzen duten korronteak. Gure lanetako bat izan da zabor errekasto horiek lokalizatzea, zaborraren bilketa errazteko. Ezinbestekoa da jakitea zer puntutan pilatzen den zaborra, itsasontziak zuzenean hara joan daitezen biltzera.

Baina zaborra pilatu eta garraiatzen duten errekasto horiek beti leku berean daude?

Ez, mugitu egiten dira. Ez daude beti leku finko batean. Saiatzen ari gara mugimendu horiek aurreikusten.

Eguraldiarekin egiten den bezala?

Bai, erreminta bat garatu dugu itsasontziei esan ahal izateko nondik nora ibiliko den zaborra. Horretarako, kontuan hartzen ditugu itsas korronteak, haizearen norabidea, intentsitatea, ibaietako emaria... Aldagaiak sartzen ditugu erreminta informatiko batean eta hortik ateratzen dira aurreikuspenak. Eta etengabe elikatzen den erreminta da, datu errealak sartu ahala, hobetzen doaz aurreikuspenak.

“Erreminta bat garatu dugu itsasontziei esan ahal izateko nondik nora ibiliko den zaborra”

Esan duzu gurea dela itsasoak bueltatzen digun zaborra; baina itsasora botatzen dugun zabor guztia ez da kostaldera iristen, ezta?

Kostaldera iristen da itsasoan pilatutako zaborraren % 20 inguru. Gainontzekoa, ur azalean, ur zutabean edo itsas hondoan gelditzen da. Gehiena, hondoratu egiten da. Pentsatu dentsitate ezberdineko plastikoak daudela. Batzuek flotatzen dute eta beste batzuek ez. Astunenak, zuzenean hondora doaz. Arinenak, hasieran ur azalean gelditzen dira. Baina itsasoan ere bizitzak dena kolonizatzen du, organismoak itsasten zaizkie, pisua hartzen dute eta pixkanaka hondoratu egiten dira.

Zer kalte eragiten dituzte mikroplastikoek?

Kalteak zerikusi zuzena du bolumenarekin. Zabor pieza handien kasuan, arriskuak askotarikoak dira: zauriak eragiten dizkiete animaliei, harrapatuta gelditzen dira (sareetan, adibidez), janaria direlakoak irensten dituzte... Plastikozko piezaren tamaina txikitzen den neurrian, arazoak beste batzuk dira. Kontuan izan mikroplastikoez hitz egiten dugunean 5 milimetrotik beherako piezez ari garela. Antxoa batek lasai asko irents dezake. Zati horiek urdailean pilatzen dira, antxoak ezin du gehiago jan eta gosez hiltzen da. Gainera, plastiko horiek hainbat osagai kimiko izaten dituzte, askotan toxikoak. Horien ondorioak orain arte ez dira ikertu, baina Europan hasi gara. Eta gero daude nanoplastikoak, are txikiagoak; eta zuntzak... Itsasoan gehien dagoena zuntzak dira, baina oso zaila da ikertzen.

Ikerketa hau Europako Life Lema programaren barruan egin duzue. Zer helburu du programak?

Life Lema programaren helburua izan da itsasoan pilatzen den zaborra kudeatzeko erremintak ematea erakundeei: nola monitorizatu, nola jaso... Programa hori 2019an amaitu zen, baina jarraitzen dugu hainbat lan egiten. Adibidez, kamerak dauzkagu Aturri eta Oria ibaiek garraiatzen duten zaborra monitorizatzeko. Kamera horiek zaborra detektatzen dute eta horrela uneoro dakigu ibaiak zenbat zabor dakarren itsasora. Informazio hori oso baliagarria da. Emaitzaren arabera, hobeto kudea daiteke hondartzen edo itsasoaren garbiketa.

Nola egin duzue itsasoko lana?

Lau itsasontzik hartu dute parte programan. Iparraldean, adibidez, urtero kontratatzen dute itsasontzi bat zaborra biltzeko. Neguan algetara ateratzen dira, baina udan artez aldatu eta zaborra biltzeko kontratatzen dituzte. Badaude soilik zaborra biltzeko prestatutako ontzi txikiak. Baina guk arrantzaleekin nahi genuen lan egin. Sasoi batzuetan geldirik egoten dira, portuan, eta iruditu zitzaigun jarduera dibertsifikatzeko aukera bat zela. Beraien lana izan da zaborra jasotzea, gurea aztertzea. 2016An hasi ginenean inork ez zekien zehazki zer zegoen itsasoan, zenbat zegoen. Bilketa lan horri esker, orain informazio asko daukagu eta zaborra kudeatzeko neurriak har daitezke. Eta kasu askotan badakigu zaborraren jatorria, eta horri esker prebentzio neurriak ere landu daitezke.

Garbi dago lehen lana dela itsasora zaborrik ez botatzea. Lehorretik iristen da gehiena, baina itsas jarduerek ere izango dute eragina, ezta?

Bai, hala da. Bizkaiko Golkoan itsas jarduera asko egiten dira, arrantzarekin, aisialdiarekin edota garraioarekin lotutakoak. Zaborraren azterketa egin dugunean ohartu gara zati garrantzitsu bat jarduera horietatik datorrela. Beraz, hor badago lan egiteko eremu bat, eta badauzkagu proiektu batzuk itsasoko sektoreekin lan egiteko. Dena den, lehorretik iristen da gehiena: botilak, ontziak, plastikoak... Hori nola den posible, hondakinak kudeatzeko sistemak baldin badauzkagu? Ba, denok ez dugula gure lana ondo egiten. Ibaietara iristen dena azkenean itsasoraino dator. Zigarrokinekin ere gertatzen da: lurrera botatzen dira eta itsasoraino irits daitezke.

Zuek harreman zuzena eta estua daukazue arrantzaleekin. Adierazi al dizuete gero eta zabor gehiago ari direla aurkitzen beraien arrantzaldietan?

Bai, duela urte batzuk baino zabor gehiago topatzen dute itsasoan.

“Zuen harraldean jasotako botilekin daude eginda pilotarien kamisetak”

Eta beraien lanerako arazo bihurtzen ari al da?

Hemen oraindik ez da arazo handia. Mediterraneoan bai, sakonera txikiko uretan ibiltzen dira eta itsas hondotik, askotan, gehiago ateratzen dute zaborra arraina baino. Hemen ez gara iritsi egoera horretara. Baina zaborra aurkitzen dute. Batzuk oso kontzientziatuta daude, beste batzuk oraindik ez. Denetik dago, lehorrean bezala.

Itsasoan jasotako plastiko horiek birziklagarriak al dira?

Horretan ere bagabiltza. Itsasoan bildutako zaborra birziklatzea oso zaila da, oso narriatuta egoten delako. Baina sareekin ari gara gauzak lortzen, bigarren erabilera bat izan dezaten. Sareak birziklatuta, adibidez, akuikulturako muskuiluak hazteko behar izaten diren sokak egin ditzakegu. Ternuarekin ere elkarlanean ari gara, itsasoan jasotako PET motako plastikoekin arropak egiteko. Pilotarien elastikoak halaxe daude eginda, esate baterako, zuen harraldean jasotako plastikoarekin...

Pilotarien kamisetak, Zumaiako harraldean jasotako plastiko botilekin?

Hala da, bai. Han bildu ziren botilak birziklatzera eraman ziren, haiekin haria egin, eta hari harekin egin zituen Ternuak pilotarien kamisetak. Seychelleetara-eta atuna arrantzatzera joaten diren ontzien sareekin ere biserak, motxilak eta halakoak egiten dira. Azken finean, gure helburua da soluzio eta irtenbide praktikoak aurkitzea.