'Haitzaren gibelean' erakusketa ikusgai dago Oxford aretoan

Baleike 2020ko eka. 20a, 12:00

Hiru hilabetez bere jarduna etenda izan ondoren, zabaldu ditu ateak Oxford aretoko lehen erakusketak ere, 'normaltasun berriarekin' batera.

Uztailaren 5era arte egongo dira ikusgai 'Haitzaren gibelean'-eko zeramika-eskultura lanak, asteburu eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. Jaizkibelgo itsaslabarren muturretara lau ibilbide luze egin zituen Zigor Garcia artistak, eta horien fruitu dira gaur Alondegian ikusgai dauden piezak. Bizipen horretatik bost multzo eskultoriko eta marrazki sorta bat ekarri ditu Zumaiako aretora. Instalazioak dira horiek. Buztingintzaren teknika eta hizkuntza plastiko desberdinak erabiltzen ditu lan bakoitzean. Erakusketako pieza ugari ontziak dira, zeramikaren oinarrizko objektuak.

Erakusketa honekin bere ibilbidearen ziklo bat ixten duela eta jada beste paisaia ezezagunagoak bizitzeko grina piztu zaiola aitortu du Garciak. Horien artean, oso gertu ditu Zumaiako Flyschak. Praktika artistiko horretarako osagai guztiak biltzen ditu bertako paisaiak. Dena den, Garciak paisaia bolkanikoak ere baditu buruan, aurrera begira horien inguruko zerbait lantzeko.