Ozeano bat, 11 lurralde: Geoparke atlantiarren historia harrigarria

Asier Hilario. Geologian doktorea eta Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa 2020ko eka. 21a, 11:00

Gaurko bidaia ez da txantxetako horietakoa. Paisaiak aldatu eta ozeanoak jaio eta desagertzen diren abentura batean murgilduko gara. Mendikateak, sumendiak, glaziar erraldoiak eta kobazuloak ikusiko ditugu. Atlantiar geoparkeen ibilbidea egingo dugu, naturaren indarrak sortu eta gizakiek zizelkatu duten paisaia miresgarrien ibilbidea.

Proiektu honen helburu nagusia atlantiar geoparkeen arteko elkarlana indartu eta geoturismo produktu bateratu bat sortzea da, ondare geologikoaren kontserbazioan, interpretazioan eta promozioan aurrerapausoak emanez. Horretarako, 2017. urtean Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea (UGG) bost lurraldeetako 11 geoparkerekin batera Europako INTERREG proiektu bat osatu eta lortu zuen.

Geoparke atlantiarren ibilbidea

Duela 500 bat milioi urte (Ma) gure munduko mapa ez zen gaur ezagutzen dugun bezalakoa. Kontinenteak eta itsasoak ez ziren berdinak. Antzinako itsaso desagertu haietan animalia arraro asko bizi ziren eta horiek ezagutzeko Portugalgo Arouca Geoparkean hasiko dugu gure bidaia. Bertan, munduko trilobite erraldoien bilduma garrantzitsuena ikus dezakegu. Animalia hauek itsas hondoan arrastaka bizi ziren duela 465 Ma eta normalean 10 cm inguruko luzera izaten zuten, baina hemengoak erraldoiak dira; 50 eta 90 cm bitarteko luzera daukate. Milaka daude, denak bata bestearen ondoan pilatuta, horregatik, paleontologoek trilobiteen Pompeia deitu diote.

Antzinako itsaso eta kontinente haien arteko mugimenduak eta talkak hobeto ulertzeko Cooper Coast Geoparkera joango gara, Irlandako hegoaldean. Bertan jada desagertua dagoen irlez osaturiko arku bolkaniko bat ikusi ahal izango dugu, gaur egun Japonia den bezalakoa. Sumendi haiek kobre metaketa handiak sortu zituzten eta horien ustiaketa Irlandaren XIX. mendeko historia ulertzeko ezinbestekoa da.

Duela 300 bat Ma kontinente guztiak talka egin zuten Pangea izeneko superkontinente bakar bat osatzeko. Talka horren zantzuak Frantziako ipar-mendebaldean dagoen Armoric Geoparkean ikusiko ditugu. Bertako kostaldean dauden ibilbide ikusgarriek milaka naturazale erakartzen dituzte urtero.

Poliki-poliki Pangea berriro pieza desberdinetan zatitzen hasi zen eta testuinguru horretan, duela 150 Ma inguru, jaio zen gaur ezagutzen dugun Ozeano Atlantikoa. Ozeanoaren erdian goitik behera dagoen dortsal atlantiarraren beso batek ireki zuen Bizkaiko golkoa ere eta horri esker, duela 100 bat Ma, sortu zen gure Geoparkeko flyscha metatu zen itsas arro sakona. Ondo dakizuen bezala, garai horretako gertakari klimatiko, biologiko zein geologikoak ikertzeko mundu mailako liburua dira gure labarrak.

Baina badago dortsal atlantiar hori bertatik bertara ikusteko beste aukera bat ere. Ozeanoaren erdian dagoen Azores Geoparkeko 9 irlak azken 10 milioi urteetan sortu dira eta bertan sumendiak, kalderak, lakuak, ur jauziak, geiserrak eta beste hainbat fenomeno natural ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu. Pico, Corvo edo Flores irlen edertasunak benetan txundituta utziko gaitu.

Badago ibilbide honetan lurraren beroa eta energia inon ez bezala sentitzeko beste aukera bat. Lanzaroteko Geoparkean inoiz naturak sortu duen paisaia indartsu eta artistikoenetariko bat ikusi ahal izango dugu. 1730. urteko irailaren lehenean Timanfayako lurra pitzatu egin zen eta 6 urteetan zehar laba isuri zen sumendi eta pitzadura erraldoietatik. 1824an aktibitate bolkanikoa berpiztu egin zen berriro eta irlaren zati handi bat harri ilunez osaturiko basamortubilakatu zen. Gosete ikaragarria etorri zen eta bertako biztanleek emigratu egin behar izan zuten. Gaur egun, bertan gelditu zirenen kemenari esker lapilli deritzon hondar bolkaniko horretan ardo zuri preziatuak sortzen dituzte eta Timanfayako parke nazionalak 1,5 milioi bisitari ditu urtean.

Lanzarote, Azores eta Arouca izan ezik, beste geoparke atlantiar guztiek badute antzekotasun bat: kolore berdea. Kolore berdea eta paisaiaren formak ere bai. Paisaia honetan azken glaziazioetako izotza izan da protagonista nagusia. Duela 40.000 urte Ipar poloko kasko polarraren izotza Londres eta Paris inguruko latitudeetara iristen zen. Galesko Fforest Farw Geoparkean eta Ingalaterrako North Penines geoparkean izotzak zizelkatutako bailara glaziar eta laku ederrak ikus ditzakegu.

Ozeanoaren gertutasunak euri ura ugari ekarri digu eta horrek garrantzi itzela izan du gure paisaien moldaeran. Kareharriak dauden lekuetan horiek disolbatu egin dira, gurean Andutzen edo Arnon bezala, eta horien barruan kobazulo ugari sortu dira. Atlantiar ibilbide honetan badago lurrazpiko geoparke bat. Marble Arch Caves geoparkean marmol baten barruan sortutako kobazulo ikusgarri batean sartu ahal izango gara, oinez eta txalupaz.

Atlantiar geoparkeen ibilbidea izanik, ezin dugu ahaztu itsasoaren eragina. Labarrak dira kontinentea eta itsasoaren arteko guda etengabe hori irudikatzen den lekua. Pikoteko labar eta lur jausiak adibide ikusgarriak dira gure geoparkean. Non kokatuko zenituzke Europako labar ikonikoenak? Asmatu duzu. Irlandako Burren and Cliffs of Moher geoparkea ere atlantiar ibilbide honetako ezinbesteko kidea da.

Proiektu honen bitartez, gure ondare geologikoaren kontserbaziorako eta interpretaziorako esperientziak beste geoparkeekin partekatu ahal izan ditugu. Sare lana da geoparkeak aurrera egiteko dugun estrategia nagusia. Ikertu, zabaldu, partekatu, entzun eta ikasi.