Kultur emanaldiz osatutako sanpedroetako egitaraua aurkeztu du udalak

Baleike 2020ko eka. 19a, 15:35

Ekainaren 27, 28 eta 29an ospatuko dira San Pedro jaiak. COVID-19 gaitzak baldintzatutako festak izango dira, eta jai hauetan ohikoak diren ekitaldi dezente bertan behera utzi behar izan dituzte. Hala, kultur ekitaldiz jositako egitarauaz gozatu ahal izango dute herritarrek. 

"Sanpedroak izan, izango dira. Festa bereziak izango dira, baina egingo dira". Hala hitz egin du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak sanpedroetako eta uztaileko egitaraua aurkezteko gaur goizean udaletxean egindako agerraldian. "Festa hauek antolatzeko momentuko egoerara moldatu behar izan dugu. Ez genekien nola helduko ginen data hauetara", gaineratu du Ostolazak. 

Sanpedroekin lotutako ekitaldi asko bertan behera geratu dira. Aurten ez da izango danborradarik, bandera igoerarik, su artifizialik edota prozesiorik. Erabaki hauek denak eragileekin beraiekin hitz eginda hartu direla argitu dute, "distantziak mantendu ezin zirelako".

Egungo egoerara moldatutako festa egitaraua izango da aurtengoa. "Argi geneukan kultura-eskaintza bat nahi genuela festa hauetan", azaldu du Marina Bidasoro kultura zinegotziak. Kontzertuak, antzerki saioak eta zine emanaldiak izango dira Zumaian sanpedroetako asteburuan. Ekitaldi horiek jarraitzeko beharrezkoa izango da aurrez doako gonbidapena eskuratzea, turismo bulegoan. Gonbidapenak emanaldiaren bezperan izango dira eskuragai. 

Bandak bi kontzertu eman ohi ditu festa hauetan. Su artifizialen ondoren bailable saioa, eta San Pedro egunean emanaldia. Aurten ere kontzertu kopuru bera emango du, bi, baina baldintzak behartuta aldaketak egin behar izan ditu Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen taldeak. Dantzarik ezin da egin, eta bailablerik ez da izango. Bestalde, adierazi duenez, zailtasunak izan dituzte entseguak egiteko, musikarien arteko segurtasun distantziak ezin zirelako gorde. Hala, talde osoan aritu beharrean, talde txikitan arituko dira Bandako kideak sanpedroetako kontzertu hauetan. 

Sanpedroetako egitaraua

Ekainak 27, larunbata

09:00. Zumaiako Musika Eskolako dultzaineroekin goiz soinua.

18:00. Beheko plazan antzerkia haurrentzat: Azken balea, Tomaxen abenturak.

Ekainak 28, igandea

09:00. Zumaiako Musika Eskolako eta Tolosako dultzaineroekin goiz soinuak.

10:00. Kalejira Trikitxasekin

13:00. Beheko plazan jotak: Voces navarras.

17:00. Aita Marin zinea haurrentzat.

19:30. Beheko plazan ZUMB Big band.

Ekainak 29, astelehena

09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.

11:00. Parrokian meza abestua San Pedro abesbatzarekin.

13:00. Beheko plazan ZUMB pasodobleak formatu txikian.

17:00. Aita Marin zinea haurrentzat.

19:30. Beheko plazan kontzertua: Tik tara.

Araudia

Osasun krisialdiak behartutako araudia prestatu du udalak. Ekitaldiak Beheko plazan egingo dira, baina espresuki prestatutako leku itxi batean. Lekuak mugatuak izango dira, ikuskizunak eserita jarraituko dira, maskarak jarrita, eta pertsonen arteko tarteak gordeta. Esan bezala, emanaldietako gonbidapenak turismo bulegoan eskuratuko dira, bezperan. 

Ikusleei garaiz etortzea eskatzen zaie, jende pilaketarik gabe banan-banan esertzeko denbora beharko da eta. Sartzean ikusleei adieraziko zaie non eseri. Helduen emanaldietan banaka eseri beharko dute, eta eta haurrenetan lau pertsona elkarrekin gehienez. Une oro nork bere tokian egon beharko du emanaldia amaitu arte. 

Eki gaua Estalapean

Sanpedroen aurretik, astearte honetan, San Juan suak izango ziren. Koronabirusaren krisialdiak behartuta, suak bertan behera geratu dira, eta ondoren egingo zen Eki gaua bermoldatu egin dute. Gernika parkean egin beharrean, bideo bidez emango da Estalapean, Astindu dantza taldeko kide Mila Bakedanok esan duenez. Astinduko dantzarien, txalapartarien eta Inpernupeko joaldunen irudiak grabatu dituzte, eta bideo horiek Estalapean atarian emango dira, www.baleike.eus webgunean.