Unai Uranga: "Lehiaketetara itzultzeko gogoarekin nago"

Xistera 2020ko eka. 20a, 10:00

Unai Uranga zumaiarra pasa den denboraldiko atzelaririk onenetakoa izan zen Xisteran. Zirkuituan finalerdietan sartu zen, nahiz eta ezin izan zuen finalean sartu. Interjain ordezko bezala aritu zen, baina lan oso ona egin zuen jokatu zituen partidetan.

Nola joan da itxialdia?

Denori bezala, luze joan da niretzat ere. Lagun bat badut prestatzaile fisikoa dena, eta hark ariketa batzuk jartzen zizkidan, eta alde horretatik nahiko ondo.

Frontoia irekitzeak ere lasaitasun apur bat emango zizuen, ezta?

Dudarik gabe. Jadanik hasi gara entrenamenduak egiten, hasieran giharretako minak ere izan genituen, eta hori normala da, baina izerdi ederrak botatzen ari gara, eta jadanik gogorekin gauzak egiteko.

Atzera begiratuta, nola ikusten duzu iazko Xisterako denboraldia?

Nahiko gustura geratu nintzen. Zirkuituan ongi moldatu nintzen, nahiz eta gero finalean sartzerik ez nuen izan. Gutxienez denboraldi honetarako Interjain sartzea lortu ahal izan nuen. Zirkuituan, berriz, kiniela asko jokatu behar izaten dira, eta egia esan lehen ohitu gabe baldin banengoen ere, orain geroz eta erosoago arintzen naiz.

Interjain sartzeak ilusio berezia egin zizun?

Dudarik gabe. Txapelketa oso ona da Interjai. Gainera Xisterako pilotarion artean ere oso harreman ona daukagu, giro oso ona, eta horrek ere laguntzen du.

Urtea normal joan izan balitz, zein helburu zenituen jarriak?

Ahalik eta urterik txukunena egitea zen helburua. Txapelketa on asko daude, eta ahalik eta gehienetan parte hartzeko asmoa neukan, eta saiatu ahalik eta ongien egiten.

Lehiatzen hasteko gogoz?

Bai, jadanik lehiatzeko gogoz nago. Hilabete asko dira partidarik jokatu gabe, eta uste dut denok gaudela jokatzeko gogoz, eta gogoz baita ere hau dena pasatu eta erabateko bizimodu normalera itzultzeko. Ari dira kirol lehiaketak apurka-apurka itzultzen, eta pentsatzen dut joango garela gu ere hasten.