Zigor Garciaren erakusketa izango da gaurtik aurrera Alondegian

Koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorengo lehen erakusketa zabalduko da gaur Alondegiko Oxford aretoan. Uztailaren 5era bitartean Haitzaren gibeletik zeramika-eskultura erakusketa zabalik egongo da. Zigor García artista sanpedrotarra da pieza hauen egilea, 2018tik hona  buztinaren modelatu figuratiboa baztertu eta zeramika garaikidera gerturatu den sortzailea.

Proposamen berri honetan osagai batzuk elkartu zaizkio. Bitartekoari garrantzia emanez , naturaren esperientzia zuzena mendi ibilbide luzeak eginez bereganatu du. Land artak pizten duen kontzientzia ekologistak bultzatuta, arriskuan zegoen paisaia bizitzera abiatu da. Jaizkibel mendi magalean eraiki nahi zuten portuaren proiektu basati eta burugabeak, ekosistema berezia eta ez oso ezaguna desagertzeko zorian utzi baino lehen, bertara hurbiltzea erabaki du Jaizkibelgo itsaslabarren muturretara lau ibilbide luze eginez.

Artea ekintza izateaz gainera, bizitzea ere badenez, begiratzeaz aparte, natura zapaldu, zeharkatu, usaindu, dastatu, ukitu, izerditu, busti eta hausnartu egin behar da. “Artea ez baita, gertatzen baita”. Hori da Zigorrek egin duena eta erakusketa bizitzera joango den ikuslearekin konpartituko duena.

Bizipen horretatik bost multzo eskultoriko eta marrazki sorta bat ekarri ditu Zumaiako aretora. Instalazioak dira hauek. Buztingintzaren teknika eta hizkuntza plastiko desberdinak erabiltzen ditu hauetariko bakoitzean. Erakusketako pieza ugari ontziak dira, zeramikaren oinarrizko objektua. Hauetan, paisaiaren oroimena eta artistaren bizipenak gordetzen badira ere, ez daude guztiz beteta. Ikusleak tartea eta unea izango du ere ontzi hauek bere gogoa eta esperientziaz betetzeko; artea guztiz gauzatzeko.

Erakusketa honekin bere ibilbidearen ziklo bat ixten duela eta jada beste paisai ezezagunak bizitzeko grina piztu zaiola aitortzen du Zigorrek. Hauen artean, oso gertu ditu Zumaiako Flyschak. Praktika artistiko honetarako osagai guztiak biltzen ditu bertako paisai honek. Baina bere buruan, naiz eta urrutiago gelditu, paisai bolkanikoak ere badaude, non zeramika, “lur errearen” gisara, naturak berak etengabe bortizki sortzen baituen.