Enpresa eta establezimenduen beharrak identifikatzeko ikerketa jarri du abian UKUEk

Baleike 2020ko eka. 17a, 16:11

Diagnosia osatzeko, urteetan jasotako datuekin batera, galdetegiak prestatu dituzte eta zuzeneko deiak ere egingo dituzte.

Urola Kosta Udal Elkarteko Behatokiak ikerketa bat abiatu du bailarako enpresa eta establezimenduek zein behar dituzten identifikatzeko. Egungo ingurune-ekonomikoan aldaketak geroz eta nabariagoak dira, bai teknologia berrien bilakaeran bai merkatuaren etengabeko aldaketaren abiaduran. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute da egungo egoeraren berri izatea, eta eskualdeko enpresa eta establezimenduek zein behar dituzten aztertzea, epe-ertainera begira estrategia eta ekintza-lerro eraginkorrak diseinatzeko.

Ikerketa lanak funtsezko hiru esparru izango ditu: zaintza teknologikoa, adimen lehiakorra eta Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (I+G+B), hain zuzen ere. Diagnosia osatzeko, UKUEko Garapen Agentziak urteetan pilatutako esperientzia eta datuez gain, bi bide erabiliko dituzte: alde batetik, galdetegiak, eta bestetik, telefono deiak.

Bi galdetegi prestatu dituzte –bata, hamar langile baino gutxiago dituzten jarduerei bideratutakoa, eta bestea, hamar langile baino gehiago dituzten jarduerei bideratutakoa–. Azterketan parte hartu nahi dutenentzat dagoeneko eskuragarri daude galdetegiak UKUEren webgunean. Bestalde, ekainean eta uztailean zuzeneko telefono deiak egingo dituzte hainbat enpresa eta establezimendutara gaiari lotuta.