Hondartzetan "ardura soziala" izatea eskatu die udalak erabiltzaileei

Baleike 2020ko eka. 16a, 20:18

Hondartzetako erabilera zehazteko kontingentzia plana zehaztu du Zumaiako Udalak. Aforoak kameren bidez kontrolatuko dira, eta sarrerak eta irteerak ere zehaztu dituzte.

COVID-19 gaitzak baldintzatutako uda eta hondartza denboraldia izango da aurtengoa. Horren jakitun da Zumaiako Udala ere. Uztailaren 1etik irailaren 15era arte izango da zabalik hondartza denboraldia Zumaian, eta, jakinda aurtengo uda "desberdina" izango dela, kontingentzia plana prestatu du. "Experimentua izango da aurtengoa, eta espero dugu ahalik eta arazo gutxien izatea. Horretarako herritarren konplizitatea eskatzen dugu", azaldu zuen Alex Oliden turismo zinegotziak. Neurri hauek uztailaren 1ean sartuko dira indarrean.

Ezohiko hondartza denboraldi honetan, koronabirusa ez hedatzea ardatz nagusi hartuta, hiru klabe daudela azaldu zuen Olidenek. "Batetik, higienea; bestetik distantziak mantentzea –eta hori da babes eraginkorrena birusa ez hedatzeko–, eta azkenik ardura soziala. Denoi dagokigu hau ondo joatea, eta hor herritarren konplizitatea beharrezkoa da", nabarmendu zuen Olidenek. Erabaki hauek guztiak aldundiarekin eta Gipuzkoako kostaldeko beste herri batzuekin batera hartu direla ere azaldu zuen turismo zinegotziak.

Itzurun eta Santiago hondartzetako aforoen kontrola kameren bidez egingo dela aurreratu zuen. Aldundiak udalen eskura jarritako tresna honen bidez, hondartzetako aforoa bideometriaz kontrolatuko dute. Bestalde, mugikorretarako aplikazio bat ere jarriko dute herritar ororen eskura, eta "semaforo-sistemarekin" une oro jakin ahal izango da hondartza gehiengo edukierara iristear dagoen. Amaiako plazan semaforo antzerako bat jartzea ere aurreikusten du udalak, Itzurun bertara heldu aurretik hondartzaren egoera zein den jakiteko.

Horri lotuta, hondartzetako egonaldia gehienez bi edo hiru ordukoa izatea eskatuko du udalak. "Ordu horiek baino gehiago ez lukete egon behar. Hori ere norberaren ardura sozialaren barruan sartzen da".

Alex Oliden

Zumaiako Udalak azaldu duenez, herriko hondartzetan ezingo da taldekako kirolik egin. Hau da, ezingo da futbolean edo palan aritu. Surf egiteko aukera izango da, ordea. "Surflariek ekipamendu osoarekin joan beharko dute, eta behin surf saioa amaituta, ezingo dute hondartzan jarraitu".

Itsasgoran, ura hormaraino heltzen denean, hondartzako itxi beharko dutela ere iragarri du zinegotziak.

Sarrerak eta irteerak

Hondartzetara nondik sartu eta nondik atera behar den ere kasotzen du dokumentu honek. Hala, Itzurungo kasuan, hondartzara heldu eta eskuin aldera jaisten den arrapalatik helduko dira erabiltzaileak hondarretara; atera, berriz, ezker aldean dauden eskaileretatik egingo da. Kantinara joan nahi dutenek goiko partetik jaisten diren eskailerak erabili beharko dituzte.

Santiagoko hondartzan, aldiz, arrapala erabiliko da hondarretara heltzeko eta handik ateratzeko. Portutxikiko eskailerak hondartzatik  igotzeko bakarrik erabiliko dira. Hau da, hondarretan dagoen batek eskailerak erabili izango ditu kantinara igotzeko, baina berriro jaisteko arrapalara joan beharko du. Santiagon baita ere, padura eta Zuloaga familiaren etxaldearen artean doan bidexka itxi egingo dute, eta baita dunetatik igarotzen diren bidexkak ere.  

Sorosleak

Hondartza denboraldia uztailaren 1ean zabalduko da Zumaian,  baina sorosleak astelehen honetatik ari dira lanean. Aurten, ohiko kopuruaz gain, beste sorosle bat kontratatuko du udalak. Hondartzan bakarrik ez, arranpla eta beste igeriketa eremuak ere zaindu beharko ditu pertsona honek. "Itsasgoran Itzurungo erabiltzaile asko arranplara joaten da igeri egitera. Itsasgora garaian sorosle bat izango da ingurune hori kontrolatzen, eta baita beste igeriketako gune batzuk ere, Moilaberriko zubia edo itsas kiroldegia kasu", gogoratu du Ricardo Landak, Hirigintza Saileko kideak.