Zumaiako Udalak eman du aurtengo udako kirol ikastaroen berri. Jakinarazi dute COVID-19ak sortutako osasun krisiak kirol ikastaroen eskaintzan aldaketak eragin dituela. Segurtasun distantziak mantentzeko zailtasunagatik edota aforoak eragin duen espazio faltagatik, ezinezkoa izan zaie ohiko programazioa osatzea. Hala eta guztiz, ikastaro ugari eskainiko ditu Kirol Patronatuak.
Helduentzako eskaintzaren barruan, Zumba, cycling-a, TRX, GAP eta piragua ikastaroak antolatu dituzte. Gazteentzat, berriz, zumba, cycling gaztea, piragua eta multifitness; azken jarduera horretan, 12-16 urte bitarteko gazteek jarduera ugari probatzeko aukera edukiko dute, hala nola, cycling, GAP edota TRX modalitateetako ariketak egingo dituzte. Haurrei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte: Zumba, piragua edo mendi bizikleta.
Berrikuntzak ere izango dira aurtengoan; hain zuzen ere, padel ikastaroa antolatu dute haur eta gazteentzat. Lau pertsonaz osatutako taldeak osatuko dituzte jarduera horretan.
Ekainaren 30ean hasiko dira ikastaro guztiak. Hilabete iraungo dute Kirol Patronatuak antolatutakoek, eta hamabostaldia elkarteek antolatutakoek. Osteguneko 9:00etatik aurrera eman ahal izango da izena, kiroldegian.
Bestetik, Kirol Patronatuak gogorarazi nahi izan du uretako ontzien alokairua ere martxan egongo dela. Itxasgainek ere, urtero bezala, piraguak alokatuko ditu.