“Kiroldegia gune segurua da hartutako neurriekin”

Baleike 2020ko eka. 16a, 10:49

Ekainarekin batera zabaldu zituen berriro ateak Lubaki kiroldegiak, COVID-19aren krisialdiak ezarritako mugekin. Lehenbizi gimnasioa eta kardiogunea zabaldu zituzten, eta astebete geroago igerilekua. Erabiltzaileek aurrez hitzordua eskatu beharko izan dute, eta une oro distantziak mantendu beharko dituzte beste erabiltzaileekin. Neurriak neurri, balorazioa positiboa da kiroldegiko arduradunen esanetan.

Gipuzkoan zabaltzen lehena izan zen Lubaki kiroldegia, ekainaren 1ean, arinaldiko bigarren fasean sartu berri. Ordurako cyclingeko bizikletak kiroldegiko pistara eramanda zeuden, eta gimnasioko aparailuen artean tarteak zabaldu zituzten erabiltzaileen arteko segurtasun distantziak bermatzeko. Astebete geroago, ekainaren 8an, igerilekua zabaldu zuten. Piszinaren kasuan ere osasun neurriak gorde nahi izan dituzte: pertsona bakarra ibili daiteke kale bakoitzean, eta igerileku txikia familien jardueretarako gorde dute.

Gaitza ez hedatzeko neurrien artean, Lubakiko instalazioak erabiltzeko beharrezkoa da aurrez hitzordua gordetzea 943-86 20 21 telefono zenbakira deituta. “Jende batek pentsatzen du zailagoa izango dela orain kirol jarduera egitea. Jendearen zalantzak eta beldurrak ari gara jasotzen, baina badago beste jende bat dioena orain lehen baino hobeto dabiltzala, igerilekuan edo gimnasioan beste erabiltzaileekin ‘borrokarik’ egin behar ez dutelako”, dio Antxon Alberdik Zumaiako kirol patronatuko gerenteak.

“Dena txukun dago, eta etortzen denak hori eskertu egiten du”, gaineratu du Alberdik. “Arazoa da aforoa mugatuta dagoela; denek batera ezin dute etorri, eta hitzordua hartu behar da. Jarraitu beharreko zirkuitua ere ez da betikoa, eta irteera desberdinak daude kirol jardueren arabera. Erabiltzaileak ez dira bidean inoiz elkar gurutzatzen. Hartu diren neurriekin kiroldegia segurua da, eta lasai etor daitezke beraien jarduerak egitera”, azaldu du.

Birusa ez hedatzeko beste neurri batzuek ere hartu dituzte. “Aireztatzea martxan dago denbora guztian, eta ura momentuoro ari da filtratzen. Horrez gain, urak duen kloro kopurua ia bikoiztu egin dugu. Kloroa desinfektatzailea da; birusa uraren bidez ez da hedatzen, eta klorodun uraren bidez oraindik eta gutxiago”.

Beldurrak eta zalantzak izanda ere, erabiltzaileak Lubakira hurreratzen ari direla dio Alberdik. “Ikusten dugu igerilekuan badabilela jendea, baina muga batzuk daude, eta muga horien barruan dabil jendea. Astean zehar, egun normal batean, 70 bat lagunek erabiltzen dute igerilekua, eta 90ek erabili dezakete gehienera jota”.

Dutxak eta aldagelak

Arinaldian aurrera egin ahala, zerbitzu gehiago jarriko dituztela martxan argitu du gerenteak, beti ere segurtasun mailak mantenduta. “Ematen ditugun pausoak segurtasun horren barruan doaz. Laster dutxak jarriko ditugu erabilgarri, eta aldagelak ere erabili ahal izango dira. Orain bertan igerilekuko erabiltzaileek bertako dutxak erabili ditzakete, baina kloroa kentzeko bakarrik; xaboirik ezin dute erabili. Beste erabiltzaileek beraien etxeetan dutxatu behar dute”. Dutxak aste honetan bertan zabaltzea espero dute. “Baina ez dutxa denak, eta ez dena libre. Aldageletan zenbaki batzuk jarriko dira, eta erabiltzaileek zenbaki horien arabera hartuko dituzte dutxak. Ditugun aldagelekin guk uste gehiengoari erantzutea egongo dela”.

Hurrengo pausoak Lubakik dituen eremuetan jende gehiago hartzea izango dela gaineratu du, “segurtasun neurriak mantenduta, beti muga hori jarrita. “Eta begira gaude sauna eta hidromasajea ere erabil ditzakegun. Birusa hedatzeko ez da tokirik aproposena, baina higienea eta distantziak mantentzeko leku zailenak dira, aldagela baten barruan daudelako”.