Udazkenean iritsiko da 'Gorabeherak' websailaren bigarren denboraldia

Baleike 2020ko eka. 11a, 19:24

Gorabeherak websailaren lehen denboraldia amaitu da, eta ekainaren 26tik aurrera beste webserie bat eskainiko du Baleikek astero: Ixa.

Lehen denboraldiko bost kapituluak zabaldu ondoren, eta taldeak hurrengoetarako ideiak biltzen dituen bitartean, atsedenaldia hartu eta udazkenean itzuliko da Gorabeherak websailaren bigarren denboraldia.

Ttap aldizkari digitalak Tabakalerako 2deo Laborategiaren eta Bertoko Igogailuak enpresaren laguntzaz ekoitzitako webserie hau berritzailea da alderdi bat baino gehiagotan, eta Baleiken aukera ederra iruditu zaigu irakurleoi entretenimenduko edukia eskaintzeko, ohiko informazioaz gain. Ikusleon iritzia ezagutzeko inkesta labur hau ere prestatu dugu, websailaren inguruko galdera gutxi batzuekin.

Eduki mota hori zuen gustukoa delakoan, ekainaren 26an beste webserie bat ekarriko dizuegu astero. Ixa webseriea ere Tabakalerako 2deo Laborategiaren laguntzaz sortutakoa da, eta gizartea eta teknologiaren arteko harremana aztertzen du misterio eta akzioko atal laburren bidez. Laster emango dizuegu haren inguruko informazio xeheagoa.