Haurrentzako ezohiko aisialdi eskaintza prestatu du Udalak uztailerako

Baleike 2020ko eka. 11a, 18:17

COVID-19aren ondorioz sortutako egoera dela eta bertan behera utzi zituen Zumaiako Udalak uda garaian egiten diren udaleku irekiak. Horren ordez, etxeko txikiei zuzendutako ezohiko eskaintza prestatu du uztailerako.

Udalekuen faltan, uztailerako prestatutako eskaintza nagusia 6-12 urte arteko haurrei zuzendutakoa izango da. 6 urtetik beherako haurren kasuan, astero aisialdirako ekintza bana antolatuko du Udalak. Hala nola, ipuin kontaketak edota pailazoen ikuskizunak izango dira uztailean zehar. Udako kirol ikastaroak ere prestatzen ari dira dagoeneko, eta 12-17 urte bitarteko gazteentzat jarduerak izango direla ere aurreratu dute.

Lehen Hezkuntzako haurrentzat astebeteko topalekuak

6-12 urte bitarteko haurrek astebeteko topalekuetan parte hartzeko aukera izango dute. Uztailean zehar, lau adin-tarte banatu eta adin-tarte bakoitzak aste batez parte hartu ahal izango du. Doakoak izango dira, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da Zumaian erroldatuta egotea.

Haurrak egunean bi ordu eta erdiz elkartuko dira adin bereko haurrekin, 10:00etatik 12:30era bitartean, eta nagusiki kalean egingo dituzte jolas eta jarduerak.

Udalaren izenean ohartarazi dute topalekuetan Eusko Jaurlaritzak zehaztutako segurtasun irizpideak bete beharko dituztela. Partehartzaileen artean distantzia mantendu beharko dute, eta kasu gehienetan beharrezkoa izango da maskara erabiltzea.

Irizpide horiek guztien inguruan aritzeko bilera egingo dute datorren astelehenean, ekainaren 15ean, Aita Mari zinean. 17:00etan euskarazko saioa egingo dute; 17:30ean izango da gaztelerazko saioa.

Izena eman nahi dutenek ekainaren 16tik 19ra edukiko dute aukera, internet bidez zein Ludotekan.

Uztailaren 6tik 10era arteko astea LH1eko haurrentzako gordeko da; uztailaren 13tik 17rako astea LH2koentzako; 20tik 24rakoa LH3/4koentzako; eta uztailaren 27tik 30erakoa LH5/6ko haurrentzako. 

Familientzako kultur eta aisialdi eskaintza

6 urtetik beherako haurrei eta horien familiei zuzendutako eskaintza berezia prestatuko du Zumaiako Udalak. Gaur egungo egoerak agintzen dituen baldintzekin ez dute egokitzat jo adin horretako haurrentzat udalekuen antzeko eskaintzarik prestatzea, "behar duten gertutasuna, babesa eta goxotasuna ezin zaielako inolaz ere eskaini".

Horregatik, familia osoarentzako eskaintza izango da uztaileko zenbait arratsaldez. Hala nola, antzerkiak edota pailazoen ikuskizunak izango dira uztailean zehar.

Zaintza eta kontziliazioa

Udaleku irekirik ezean, zenbait familiak kontziliazio eta zaintza arazoak izango dituztela jakinik, zaintzaileen kontratazioaren inguruko bi zehaztapen egin ditu udalak. Jakinarazi duenez, Urola Kostako Udal Elkarteak zaintzaileen lan-poltsa osatu du. Horrez gain, zaintzailea ordaintzeko zailtasunak dituzten familiei dirulaguntza emango die Zumaiako Udalak.

Urola Kostako Udal elkarteak lan poltsa bat sortu du zaintza lanetarako. Beraz, uztailean haurrak zaintzeko prest dagoen edonork bertan eman dezake izena.

Era berean, uztailean haurrak zaintzeko pertsona bat behar duten familiek zerbitzu horretara jo dezakete eta beraien beharrizanetara egokitzen den pertsonarekin harremanetan jarriko ditu Urola Kostako zerbitzu horrek. Horretarako, lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943-89 08 08 telefonora deitu beharko dute familiek.

Zenbait familientzako ahalegin ekonomiko hori egitea ezinezkoa izango zaiela jakinik, Udalak dirulaguntza emango die errenta baxuak dituzten familiei uztailean beren haurrak zaintzeko pertsona bat kontratatzen laguntzeko.

Horretarako, familia unitatearen urteko irabazi garbia 20.000 eurotik beherakoa izan beharko du; gehienez 1.000 euroko dirulaguntza emango zaio familia bakoitzari uztailean lanaldi osoz zaintzaile bat kontratatzeko. Lanaldi edo epe partzialen kasuan dirulaguntza ere proportzionala izango dela jakinarazi dute.

Laguntza horiei buruzko informazio zehatza datozen egunotan jakinaraziko du Udalak.

Gaztelekua eta kirol ikastaroak

Ezohiko aisialdi eskaintzaz gain, kirol ikastaroak ere mantenduko dituzte. Oraingoz bi ikastaro egongo direla baieztatu dute: piraguismoa eta mendi bizikleta. Datozen egunetan jakinaraziko dituzte horien eta bestelako ikastaroen inguruko xehetasunak.

12-17 urte bitarteko nerabeen kasuan, Gazteguneak eta Kale Heziketa programaren baitan udako oporraldiekin batera hasiko den eskaintza prestatzen ari dira. Horrez gain, astean behin ekimen bateratu bat egingo dute.